Idai zikloiak kaltetutakoei laguntzeko 3.585 euro jaso ditu Mundukidek

Mirari Altube Arrese 2019ko uzt. 2a, 08:41
Mozambikeko nekazariak. Argazkiak: Mundukide.

Martxoan iritsi zen Idai zikloi tropikalak kalte handiak eragin zituen Mozambiken, eta haiei laguntzeko, 3.585 euro jaso ditu Mundukidek debagoiendarren elkartasunari esker. Horregatik, eta 20 urteotan lagun izan dituen horiei guztiei eskerrak eman gura izan dizkiete.

Gurutze Gorriaren bitartez bideratu du diru hori. Izan ere, Gurutze Gorria, beste erakunde batzuekin batera, dabil lanean zikloiak kalteak eragindako gunean. "Espainiar GKEak inpaktuaren eragina txikitzeko lanean dihardu; horretarako, 7.500 pertsonarentzako ostatu kitak banatzen ditu eta, era berean, Ur eta Saneamendu Larrialdiei Erantzuteko Unitatea hedatzen du. Azken horrek 5 ur araztegi eta egunean 225.000 litroko ur hornikuntza egiteko behar den ekipamendua du, hiru hilabetean egunero 15.000 pertsona urez hornituz, osasun zentroak barne", adierazi dute Mundukidetik. 

Zikloiaren eta ondorengo uholdeen ondorioz guztia galdu zuen 62 urteko Ruti andrearen berbak jaso dituzte Mundukideko kideek: "Haizeak eta urak txikitu egin zuten nire etxea. Ingurua urak hartu zuen erabat. Egurrez eta altzairuzko xaflez egindako etxea nuen, baina orain kanpadenda batean bizi behar dut. Oso pozik nago Gurutze Gorriaren laguntzarekin. Dena galdu nuen, sukaldeko tresna guztiak barne. Orain oinarrizko gauza berriak dauzkat, eta nire bizitza berreraikitzen has naiteke. Nire auzokidea laguntzera etorriko zait ostatu kitarekin".

20 urte Mozambike iparraldeko nekazariekin

Mundukidek 20 urte daramatza Mozambide iparraldeko nekazariekin lanean. Hain zuzen Mozambiken bizi den Mundukideko kooperante Beñat Arzadunek bertan bizi dutenaren berri eman du: "Hondamendi humanitarioaz gain, Idai eta Kenneth zikloiek nabarmen kaltetu dituzte Mozambike erdialdean eta goialdean, laboreak eta oinarrizko elikagaien uztak; horien artean: artoa, kakahuetea... Gainera, 2018-2019ko nekazaritza kanpaina ez da bereziki ona izaten ari zikloiek jo ez dituzten eremuetan; hori dela eta, agintariek hilabete gutxi barru elikagaien falta larria izango dela iragarri dute. Egoera honen aurrean, Mundukide distrituko nekazaritza zerbitzuekin jarri da harremanetan, datozen hilabetetan oinarrizko elikagaien produkzioa handitzeko eta bizkortzeko ekintza posibleak aztertzeko, prestaketa lanak egiten eta aurreikusten den elikagai falta txikitzen saiatzeko".

Eta gaineratu du Mundukide programa martxan den herrietan zikloiek zuzeneko eraginik izan ez badute ere, oso kilometro gutxira begien bistan daudela oraindik Idaik lehenengo eta ondoren Kennethek eragindako kalteen arrastoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak