Aimar Elortzaren 'Kaosa' argazkia, San Juan Jaietako onena

Xabi Gorostidi 2019ko uzt. 1a, 10:00
Aimar Elortzaren, 'Kaosa'.

Zezen plazako une zoro bat izoztu zuen kamerarekin, eta horri esker lortu du Artgazkik eta Udalak antolatzen duten San Juan Jaietako argazki lehiaketako lehen postua. Ander Etxeberria izan da bigarren, Aritz Gordo hirugarren eta Mikel Maidaganek jaso du argazki originalenaren saria. Atzo egin zuten sari banaketa Kajoi Tabernan.

Elortzaren argazki irabazleak, ondo baino hobeto islatzen du izenburuak dioena: kaosa. Zezenak hesia saltatu ostean, lasai-lasai zeuden ikusleak zezen plazara sartzen diren unea harrapatu zuen kamerarekin. "Jada adin bat daukagunok,  seme-alaben baitan bizi ditugu sanjuanak. Goizean zezen-plazara joan ginen, eta kamera alboan eramatea pentsatu nuen. Zorte pixka batekin, une berezi hori hartzea lortu nuen".

Aritz Gordo, Aimar Elortza, Ander Etxeberria eta Mikel Maidagan, Kajoi tabernan egindako sari banaketan. 

Bitxikeria gisa, zezen plazako ikusleetako bati telefono mugikorra lurrera jausten zaio. Bitxiena da, mugikorra zeharka dagoela, guztiz lurrera jausi gabe. Elortzak 300 euroko diru-saria eta garaikurra jaso zituen. 

Ander Etxeberriaren 'Dantzan' argazkia.

Bigarren saria Ander Etxeberriaren Dantzan izeneko argazkiarentzat izan zen. Mugimendua eta kolore biziak ditu, eta honek ere aitortu zuen seme-alabak edukitzea lagungarria dela, sanjuanetan argazki onak ateratzeko orduan. Etxeberriak 150 euro eta garaikurra jaso zituen argazki eder horren truke.

Aritz Gordoren 'Vacile' argazkia.

Hirugarren saria Aritz Gordoren Vacile argazkiarentzat izan zen. Olarte kalean aterako argazkian, gaztetxo batzuk bizkarrez dagoen buruhandi bat xaxatzen ageri dira.

Mikel Maidaganen 'Esnatu berria' argazkia.

Argazki originalena, aldiz, Mikel Maidaganek irabazi zuen. Saltzaileen postutxoetan aterako argazkia da, bertako oihalen forma geometrikoak bikain baliatzen dituena. Bai Gordok eta bai Maidaganek 100 euroko diru saria eta garaikurrak jaso zituzten. 

Bosgarren aldia

Aurtengoa lehiaketan 50 argazki aurkeztu dira eta 27 argazkilarik hartu dute parte. Argazki guztiak ikusteko, egin klik hemen. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak