Arrasate Blues jaialdiak badu behin betiko kartela

Amaia Zabala 2019ko eka. 28a, 12:20
The Allnighters taldearen emanaldi bat Bergaran.

Maiatzean aurkeztu zuten eskaintzari bost talde gehitu dizkiote: Blas Pikon & the Junk Express, Fredi Pelaez Trio, Jose barrio Quartet Jim TNT eta Scareworks. Jaialdia uztailaren 4tik 21era bitarte izango da eta, denera, hamahiru kontzertu izango dira.

Ibai-Artek, Arrasateko Merkatari eta Zerbitzu Elkarteak, Udalarekin elkarlanean lehen Arrasate Blues jaialdia antolatu du uztailerako. Hamahiru talderen kontzertuak izango dira Arrasateko zortzi tabernatan: Kajoi, Taupa, 1990 Gastroteka, Monte, Ezkiña, Tan-taka, Aterpe eta Itzala. Herriko Plazan eta Euskal Herria plazan ere izango dira emanaldiak. Gainera, kontzertuetako egunetan tabernetan edariak doan kontsumitzeko 2.000 txarteletik gora banatuko dituzte Ibai-Arteko kide diren komertzioen bezeroen artean. "Kontzertuak baino bi aste lehenago hasiko gara txartelak banatzen bezeroen artean, eta kontzertuko egunetan ardoa, zerbeza edo bermuta edateko balioko dute", azaldu du Jon Apraizek, Ibai-Arte elkarteko presidenteak.

Apraizen esanetan, talde gehienak Arrasaterekin lotura dutenak dira: "The Allnighters taldea da kartel-burua eta bertako saxofoijolea, esaterako, arrasatearra da, Zigor Martinez. Jose Barrio ere Arrasateko Musika Eskolako irakaslea izana da, eta egun, Nafarroako Kontserbatorioko irakaslea. Bestalde, aipatzekoa da, baita ere, Leikek euskaraz abestuko duela".

Argazki lehiaketa eta murala

Apraizek jakinarazi du jaialdiak irauten duen bitartean argazki lehiaketa bat egingo dutela eta egun gutxi barru jakinaraziko dituztela xehetasunak. "Bestalde, kontzertu batzuetan Arrasateko artista batzuek mural bat margotuko dute, adierazpen librean", gaineratu du Apraizek.

Apar jaia haurrentzat

Blues jaialdiaz gain, haurrentzat apar jaia ere antolatu du Ibai-Arte elkarteak: "Uztailaren 20an, Biteri plazan apar jaia ospatuko dugu, Kids&Us ingeles akademiaren eskutik".


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak