Onenekin aritu ostean, bi garaipen eta hiru porrot

Eneko Azurmendi 2019ko eka. 27a, 16:45

Kimu mailako nesken taldea, Valentzian. Argazkia: Ointxe!

Euskadiko Txapelketa irabazi ostean, Espainiakoa jokatu du kimu mailako Mondragon Lingua taldeak, Valentzian. "Oso esperientzia aberasgarria" izan da eta maila txukuna emanda itzuli dira arrasatearrak, Gorka Alarcia entrenatzailearen esanetan.

Ointxe! saskibaloi taldeko kimu mailako neskek Valentzian jokatu zuten, pasa den asteburuan, Espainiako Txapelketa. 24 talde aritu ziren lehian, hiruko multzoetan banatuta. Beraz, lehen multzoan bi partidu jokatu zituzten arrasatearrek. Lehena, Mallorcako CB Pollenca taldearen aurka –Balear uharteetako txapelduna–. "Maila hobea eman genezakeen partidu hartan, baina ez ginen ondo sartu partiduan, eta ezin izan genuen irabazi", dio Alarciak.

Bigarrena Bartzelona handiaren aurka jokatu zuten. "Bigarren laurdenean hirugatik bakarrik gindoazen galtzen. Azkenean, 30 puntugatik galdu genuen, baina oso partidu borobila eginda".

Bigarren fasean, txukun

Multzoko azkena izan ostean, beste fase bat jokatzeko aukera izan zuten. Lehena CB Infante Murtziako aurkaria izan zen. "20-4 irabazten hasi ginen eta, azkenerako, 24 puntugatik galdu genuen. Horrek min eman zigun", azaldu du entrenatzaileak.

Hala ere, bigarrena eta hirugarrena irabazi egin zituzten. "Ardoiren aurka hirugatik irabazi genuen, murtziarren aurkako jipoiari buelta eman ostean. Eta azken partidua Lauro bizkaitarren aurka izan zen, Euskadiko Txapelketako finalean bigatik irabazi genien, eta oraingoan hamarregatik".

Esperientzia aberasgarria

Entrenatzaileak adierazi du oso esperientzia aberasgarria izan dela hau taldeko jokalarientzat, eta indartuta atera direla datorren denboraldira begira. "Kimu mailan Espainian dagoen benetako maila ikusi dugu txapelketa honetan. Oso maila altua dago. Estatuko hiriburuetako taldeekin lehiatu dugu, teknika aldetik eta fisiko aldetik oso indartsuak diren taldeen aurka".

Udako campusa, datorren astean

Asteon, sanjuanetako campusa egin du Ointxe!-k, eta 20 neskamutiko aritu dira Iturripen. Astelehenetik egubakoitzera, berriz, udako campusa egingo dute, Musakolako kiroldegian. 2003 eta 2010 artean jaiotakoei zuzendutakoa izango da udako campusa, eta hauxe izango da egingo dutena: 10:00etatik 11:30era, taktika eta teknika entrenamendua; 11:30etik 11:50era, hamaiketakoa eta atsedena; 11:50etik 12:50era, jaurtiketa libreen, hirukoen eta bestelakoen lehiaketak; 13:00etik 14:30era, igerilekua; 14:30etik 15:30era, bazkaria; 15:30etik 16:00etara, atsedena eta ekintza ezberdinak; eta 16:00etatik 18:00etara, berriz ere entrenamendua eta zenbait ariketa. Izena emateko, 629 80 47 82 telefonora deitu –Eneko Mata–. Aste osoa bazkariarekin, 120 euro, eta bazkaririk gabe, 75 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak