Parte hartze libreko probak egingo dituzte zapatuan Mojategin

Xabier Urtzelai 2019ko eka. 14a, 10:50

Zapatu arratsaldean, 17:00etan hasita, egingo dituzte parte hartze libreko atletismo probak, Mojategin. Eta bertan batuko dituzten atleten helburua izango da txapelketa ofizialetan esku hartu ahal izateko gutxieneko markak eskuratzea. Bestalde, ibarreko hainbat atleta Espainiako Txapelketetan izango dira.

Espainiako kluben arteko txapelketak jokatuko dituzte asteburuan, maila ezberdinetan. Sorian Realeko atletak lehiatuko dira, beste zazpi klubekin batera, eta hor Eneko Carrascalek salto hirukoitza egingo du, Istar Dapenak pertika-saltoa eta Ibai Fernandezek 100 metroko lasterketa eta 4x100ekoa. Aste barruan, euretako batzuk Mojategin egon dira parte-hartze libreko probak egiten. Carrascalek 15,30eko marka egin zuen eta Uribarrenek, 14,96koa.

Zaragozan Espainia mailako zortzi talde izango dira lehian, eta Atletico San Sebastian taldearekin lehiatuko da Maialen Axpe, pertika-saltoan. Madrilen, berriz, Ohorezko Ligara igotzeko txapelketa egingo dute, eta Malen Ruiz de Azuak Super Amara taldea ordezkatuko du, baina pertika beharrean salto hirukoitza egingo du. Huescan, azkenik, Ohorezko Ligara igotzeko borrokan Super Amara taldea ordezkatzen ibiliko da Aitor Uranga. 100 metroko lasterketa eta 4x100eko erreleboetakoa egingo ditu.

Mojategin, parte hartze libreko saioak

Bihar, zapatua, berriz, parte hartze libreko probak egingo dituzte bihar Mojategin. Hala, atletismo jardunaldia luzera-saltoko probekin hasiko dute (17:00). Eta ordu berean egingo dituzte luzera-saltoak, pertika-saltoak pisu jaurtiketak eta emakumezkoen 300 metroko lasterketak. Ondoren (17:30) etorriko dira 400 metroko lasterketak, eta baita 100 metroko finalerdiak ere (17:30 eta 18:10) –gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan–. 18:40an hasita, 600 metroko lasterketak egingo dituzte, 19:00etan izango dira 100 metroko finalak, 19:15ean 300 metrokoak, eta saioa 5.000 metroko probarekin amaituko dute, 20:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak