Elkartasuna festa ukituarekin beste behin Arrasaten

Txomin Madina Milikua 2019ko eka. 8a, 22:22

Harreman GKEk 21. urtez antolatu duen Elkartasun Egunak ondo pasatzeko eta munduan zehar dauden elkartasun proiektuak ezagutu eta laguntzeko aukera eman die herritarrei.

Bi hamarkada baino gehiago bizkarrean, Harreman GKEren Elkartasun Egunak bere tokia du dagoeneko herriko urteroko ekitaldien artean. Eta horren adibide da elkarteak Ibai-Artek emandako opariekin jartzen duen tonbola, gaur ere asko eta asko izan dira eta zortedun izateko itxaropenarekin txartelak erosi dituztenak.

"Goiza, esaterako polito joan da; poliki poliki baina geratu gabe", adierazi du elkarteko kide Andoni Uribetxeberriak. Izan ere herritar askok badakite oparirik lortu ez arren, gastatutako diruak erabilera ona izango duela: Indiako Ankur hian dagoen neskatilendako umezurztegiari laguntzea. "Gaur ere, 3.000 edo 3.500 euro lortuko ditugu", azaldu du Uribetxeberriak, eta gaineratu du elkarterako bazkide berrien bila ere badabiltzala.

Beste hainbat elkartasun proiektu

Harreman GKEren postuaz gain, egon dira beste batzuk Arrasaten: bidezko merkataritza sustatzen duen Harreman dendarena, adibidez; eta baita Mundukiderena, Sersorena, AMSrena eta Amerikako hainbat herrialdetan haurrendako proiektuak sustatzen dituzten Mesedetako Ahizpena ere. Proiektuak finantzatzeko produktuak saltzeaz gain, proiektu horien nondik norakoen berri ere eman diete hurreratu direnei.

Jai giroa ere bai

Baina, esan bezala,  Elkartasun Egunak badu ospakizunetik ere. Hala, gaur, herriko musikarien doinuek, puzgarriek, Boogie Mugi ikuskizunak, txokolate janak eta What A Band taldearen kontzertuak ere izan dute lekua.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak