Elkartruke guztien esentzia da hartzea eta ematea, edo ematea eta hartzea. Kasu honetan, Goikobaluko lagunei ematea tokatzen zaie, 2018ko apirilean hartzea egokitu zitzaien eta. "San Clement de Llobregat-en neukan lagun bitartez egin genuen lehen kontaktua. Haren alaba herriko abesbatzaren presidentea zela jakin nuenean, elkartruke bat egiteko ideia garatzen hasi ginen, eta 2018an bisitatxoa egin genuen Katalunia aldean", azaldu du Juan Antonio Barriocanal Goikobaluko partaide ezagunak. Hala, asteburu honetan egingo dute elkartrukearen bigarren zatia, astelehena Katalunian jaieguna dela baliatuz hiru eguneko bisita egingo baitute San Clement de Llobregat-eko abesbatzakoek Arrasaten. Honela azaldu du Barriocanalek zernolako hiru egun dituzten aurretik: "Zapatu goiz partean helduko dira autobusez, eta heldu bezain pronto bazkaria enkargatu diegu batzokian. Tripa bete eta merezitako deskantsua hartu ostean, kontzertua egingo dugu bi taldeek San Juan Bataiatzailea parrokian, eta, behin hau eginda, afaria egingo dugu Sara Merenderuen. Domeka turismoa egiteko baliatuko dute, eta, nik dakidala, Gernika ingurura joateko asmoa dute".
Kontzertua, zapatuan
Elkartrukearen gailurra zapatuko kontzertua izango da, ezbairik gabe. Bertan, Goikobalukoak izango dira oholtzara igotzen lehenak, eta lau kanta hauek interpretatuko dituzte: Oi, ama, Euskal Herria, Loreak udan, El roble y el ombú eta Mutil txaleko gorri. Ostean, lagun katalanen txanda izango da, eta hiru zatitan banatutako emanaldia egingo dute: lehenean, abesti afrikarrak; bigarrenean, pelikuletako abestiak; eta hirugarrenenean, konpositore katalanen obrak. Amaieran, Il meu avi kanta abestuko dute bi abesbatzek batera, eta Maria Ubarretxena jarduneko alkateak Arrasateko oroigarriak banatuko dizkie bisitari katalanei.
30. eta 25. urteurrenak
2019a urte berezia izango da Goikobalurentzat. Batetik, abesbatzak 30 urte beteko ditu, eta, hori ospatzeko, urriaren 19an, Mozarten Requiema interpretatuko dute, orkestra baten laguntzarekin. Bestalde, Goikobalu Txikik mende laurdena beteko du, eta azarorako kontzertu berezi bat prestatuko dute.
Aipatu behar da hamar urte baino gehiagoren ostean, Juan Antonio abesbatzako Barriocanalek presidente kargua utzi duela, eta Maider Ruizek ordezkatuko du.