Errugbi taldeari lagundu, eta primeran afaldu

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 30a, 16:59

2013ko karpan, lagun bat bi garagardorekin.

Arrasate Rugby Taldekoak Herriko Plazaren jabe izango dira gaurtik hasi eta domekara arte, Garagardo Azokaren 21. edizioarekin. Puntako garagardoak dastatu ahalko dira, eta lagunartean txerri-ukondoa jateko ohitura dutenek ez dute hutsik egingo.

Urtean behin, badago asteburu bat, non lagunekin ogitartekoa afaldu beharrean, arrasatearrek jatorri alemaniarra duten jakiak jaten dituzten. Eta duela bi hamarkadatik hona, Arrasate Rugby Taldekoek dute ohitura gastronomikoak aldatzearen errua. Aurtengoa 21. edizioa da eta gaur irekiko ditu ateak, besteak beste, pintxo-potearekin bat eginez.

Mondragon Unibertsitateko ikasleen herri kirolak ikusi ahalko dira eta ostean zinegotzien afaria ere egingo dute gaur.

Garagardo Azoka, zifratan

Aurtengo jaialdirako 2.190 litro garagardo eskatu dituzte klub zuri-moreko arduradunek, bost marka ezberdinetakoak. Ohikoa den moduan, garagardoa pitxarretatik edango da, nahiz eta atzo botilatxoak erosteko aukera ere izan zen –litro laurdeneko 750 unitate eskatu dituzte–. Aipatzekoa da, urtetik urtera eskaria handitu izanaren ondorioz, iaz bezala aurten ere alkoholik gabeko garagardoa pitxarretik zuzenean edateko aukera izango dela.

JATEKO, 2.700 OPIL, 375 OILASKO, 720 TXERRI-UKONDO ETA 14O POTE SALTXITXA ESKATU DITUZTE

 

Edatekoa bakarrik ez, jatekoa ere egongo da, eta, kasu honetan, ere kantitate erraldoietan, urtero legez: 2.700 opil, 375 oilasko, 720 txerri-ukondo eta 140 pote saltxitxa gertu ditu Arrasate Errugbi Taldeak. Edari eta jaki horiek guztiak prestatu eta zerbitzatzeko, klubeko kideak ibiliko dira jo eta su lanean Herriko Plazako karpan. Egun handia, zapatua Zapatua izango da egunik mamitsuena, iaz bezala, aurten ere egun horretan klub zuri-moreak herritar guztientzako herri bazkaria antolatu baitu karpan bertan, menu paregabearekin: paella, oilaskoa eta postrea. Txartelak 20 euroren truke jarriko dituzte salgai. Zapatuan bertan ere, Nazioarteko Zazpiko Txapelketa jokatuko dute Mojategin; goizean beteranoen txanda izango da eta arratsaldean, aldiz, seniorrena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak