Ez da lehenengo aldia. Pertika saltoan jarduten duten atletek hainbatero izaten dituzte halako arazoak, eta horretaz badakite zerbait Jonathan Perezek, Malen Ruiz de Azuak edo Istar Dapenak berak. Pertikekin izan dituzten anekdotekin liburuxka idatzi daiteke. Oraingo anekdotak, baina, ez du graziarik, Maialen Axpek ezingo duelako ostegun hontan Diamante Ligan parte hartu.
Pertikak eraman ahal izateko –Axperenak 4,40 metroko luzeera du, eta 18 kilo pisatzen ditu– gestioak eginda izan arren Axperen entrenatzaile Francis Hernandezek ezezkoa jaso zuen Madrilgo aireportuan. Hain zuzen, Nafarroatik irtetzen zen hegazkina txikia zelako hartu zuen entrenatzaileak Madrilerako bidea autoz, eta han jaso zuen ezezkoa. Bada, Arrasateko atletak ezin izango du Stockholmgo estadio ezagunean debuta egin, Diamante Liga moduko nazioarteko proba entzutetsuan.