Aitor Fernandez Panaman da, Javier Clementek zuzentzen duen Euskal Selekzioarekin. Eguaztenean jokatuko dute lagunarteko partidua, Rommel Fernandez futbol zelaian: "Badakigu Panama sasoi puntu onean egongo dela, Urrezko Kopa prestatzen dabiltzalako, eta norgehiagoka zaila izango dela guretako. Etxetik kanpora gaude eta bertako klima ere ez da guretako aproposena [hezetasun handia dute] baina baldintza hauetara lehenbailehen ohitu eta partidu entretenigarria jokatzea da asmoa".
Levanten, helburua beteta
Aitor Fernandezek urte borobila egin du Levanten. Urtea ez zuen titular hasi, baina Arrasatekoa atearen jabe egin da, eta mailari eusteko borrokan taldean protagonista bilakatu da arrasatearra. Horrek selekzioko ateak ireki dizkio: "Levanterekin geneukan helburua bete dugu, mailari eutsi diogu eta protagonista izateko aukera izan dut. Eta, orain ilusio handia egin dit euskal selekzioaren deiak. Gaztea nintzela, gabonetako selekzioaren partiduak ikustera joaten zen horietakoa naiz".