Baliabide gehiago eskatu ditu Erne sindikatuak Arrasateko udaltzainendako

Maialen Regueiro 2019ko mai. 23a, 16:08

Ernek (Ertzainen Nazional Elkartasuna) ohar bidez jakinarazi du gogaituta daudela alderdi politikoek Arrasateko Udaltzaingoa elkarren aurkako liskarretarako erabili izanarekin. Armen gaineko erabakia hartzeko eskatu diete, eta baliabide gehiago eskatu  dituzte "berme osoarekin" lan egiteko.

"Batzuek diote azken lau urteetan Udaltzaingoaren buruzagitzaren eta gobernuaren arteko harremana txarra izan dela, baina horiek gobernuan izan zirenean, ez zuten egin hobeto", diote oharrean. Azken lau urteotako gobernua zein aurreko agintaldikoa aipatu ditu Erne sindikatuak. Orain dela lau urte egon zirenei zera esan die: "Hauteskundeen bezperatan udaltzain kopurua areagotzea gura dute eta herriko segurtasunarekin kezkatuta agertu dira, baina eurak agintean egon zirenean kezkatu ziren? Ordutik datoz ondorio hauek".

Egungo Udal gobernuari, ostera, zera esan diote: "Beste batzuek segurtasunarekiko ardura erakutsi dute kontu honek traba egin dienean, baina egin duten bakarra izan da komunikabideen aurrean agertu esateko zerbaitetan dabiltzala". 

Armen gaineko erabakia hartu barik

Kriminalitateari buruzko txostena aspalditik dutela eskuartean alderdi politikoek diote Erneko kideek, eta oraindik, alderdiek ez dutela gai honen inguruko erabakirik hartu: "Sei hilabete pasatu dira erabakia hartzeko konpromisoa hartu zutenetik". Honen harira, honakoa gaineratu du Ernek: "Alderdi politikoek badakite kriminalitatea areagotu egin dela, hor dituzte datuak. Baina erabakia hartzeko beldur dira, eta horren eraginez, udaltzainek aurre egin behar diete sarri arma hilkorrak dituzten gaizkileei".

Horregatik guztiagatik, Udalean orain daudenen zein aurretik egon zirenen erabakiak hartzeko gaitasun eza azpimarratu dute. "Benetan hain kezkatuta baldin badaude segurtasunarekin jar ditzatela behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak udaltzainek berme guztiarekin lan egin dezaten".

Eta gaineratu dute: "Noizbait udaltzain batek ezbehar bat izaten badu, eta baliabide faltagatik edota trebakuntza egokia ez izateagatik izan dela frogatuz gero, politikoek beregain hartu beharko dituzte erantzukizun guztiak".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak