Kanporaketa iraultzen saiatuko dira Isasirenak

Eneko Azurmendi 2019ko mai. 24a, 07:09
ARTk jokalariak, Logroñon jokatutako norgehiagokan. Argazkia: Iñigo Arriaran Olalde.

Mailari eusteko azken aukera du Kanpanzar ARTk bihar Mojategin; Logroñoko Pradoviejo taldearen aurkako kanporaketa ez zuten ondo hasi, pasa den asteburuan 36-7 galdu ostean, baina markagailu horri bueltako emateko aukeretan sinisten dute. Bihar, zapatua, 17:00etan izango da partidua, Mojategin.

Lehenengo hogei minutuak "oso ondo" jokatu ostean, 0-7 aurreratu zen Igor Isasik zuzentzen duen taldea. Hala ere, atsedenaldira 5-7 joan ziren, eta bigarren zatian hautsi zen partidua. "Bigarren zatian, gu nekatuago geunden, jokoan ezin sartu, eta haiek behetik gorako bidea egin zuten, eta alde handiarekin galdu. Azken 15 minutuetan, hiru entsegu egin zituzten, eta hor joan zitzaigun partidua. Haiek ondo egin zuten haien jokoa, eta guk emandako abantailak ondo aprobetxatu zituzten". Hala, azkenerako, handia izan zen markagailuak erakutsi zuen aldea.

Itzulerako partidua, Mojategin

Kanporaketak bi partidutara izaten dira, eta oraindik ez dago ezer erabakita. Isasik berak onartu du aldea "handia" dela, baina ez du esperantzarik galtzen Arrasateko partiduari begira. Hori lortzeko, baina, adierazi du ezin dituztela pasa den asteko akatsak errepikatu. " Epailea ez zen oso fin aritu, eta gutako asko partidutik ateratzea eragin zuen horrek: protestak, haserreak... Ostean, borroka une bat egon zen eta bi taldeetako jokalari bana egotzi zituen epaileak. Epailearekin asko haserretu, eta partidutik atera ginen, epailearen erabaki bakoitza eztabaidatuz. Modu horretan ez dugu ezer lortzen. Kanporaketa gainditzeko, egin behar duguna da partidu borobila".

Isasik kanpoan pasa du astea, eta taldeak Julen Barrutiarekin prestatu du itzulerako partidua, 18 urtez azpiko entrenatzailearekin. "Egin beharrekoa zer den ondo baino hobeto dakite jokalariek, ez dago sekreturik, eta berdin dio ni egon edo Julen egon. Hori ez da aitzakia izango. Konfiantzaz beterik gaude. Badakigu guk ondo jokatzen badugu eta haien aukerak neutralizatzea lortzen badugu, aukerak hor daudela. Oso zaila izango da, baina aukera dugula sinistuta gaude".

21 jokalari inguru egongo dira jokatzeko moduan, eta lesio aldetik "nahiko ondo" iritsiko da taldea une erabakigarrira.

Iazkoa errepikatzen bada?

Pasa den denboraldian, ligako partiduan, aurkakoa gertatu zen Kanpanzar ARTk Padroviejo taldearen aurka Logroñon jokatu zuen norgehiagokan. "25-7 galtzen joan ginen eta 25-35 bukatu genuen. Horregatik diot edozer gauza gertatu daitekeela oraingoan ere, eta aukerak baditugula garbi dago", dio Isasik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak