Hiru igogailuko sistema nahi du EAJk Santa Teresa auzoko "irisgarritasuna hobetzeko"

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 22a, 20:38

EAJk hautagaiak, Santa Teresa kaletik Agerre kalera doazen eskaileratan, non hirugarren igogailua jarriko duten.

Santa Teresa auzoan jarri nahi duten hiru igogailuko sistemaren berri emateko agerraldia egin du Arrasateko EAJk. "Domekan irabaziz gero" hurrengo lau urtetan igogailuak jarriko dituztela jakinarazi dute. 

"Arrasateko EAJtik proposatzen duguna da auzoko irisgarritasuna hobetzeko hiru igogailuko sistema bat jartzea. Agintaldi honetan onartutako Mugikortasun Planak hemen igogailuak jartzea aurreikusten du, eta guk lehentasuna eman nahi diogu gaiari. Beraz, domekan irabazle izaten bagara, Santa Teresako igogailu sistema jarriko dugu hurrengo lau urteetan; eta baita Erguinekoa ere" azaldu du Maria Ubarretxena alkategaiak. 

Hiru igogailuetako lehena Elkano kaletik Gernika Etorbideraino joango litzateke eta Estrella taberna ingurutik Gernika Pasealekura igotzeko dauden eskailerak saihestea izango luke helburu.

Irudiko eskaileren alboan joango litzateke lehen igogailua.

Bigarrena Gernika etorbidetik Galizia etorbidera igoko litzateke, irudiko eskailerak saihesteko helburuarekin.

Inguru horretan jarriko lukete bigarren igogailua.

Eta hirugarrena, eta "garrantzitsuena" –hala deskribatu du Hirigintza zinegotzi Ibon Arrupek– Santa Teresa kaletik Agerre kalera joango litzateke. "Eremu honetan dago jende mugimendu handiena, eta horregatik da hain beharrezkoa" adierazi du Arrupek. 

Bi ikastetxeren "irisgarritasuna hobetzeko"

Hiru igogailuko sistema horrek eragingo duen eremuan "ia mila pertsona bizi dira" Ander Garayk esandakoaren arabera, eta bi ikastetxe daude. Hala, igogailu sistema, bertako erabiltzaileentzako lagungarri izango dela azaldu dute. "Arrasate Herri Eskolako San Antolin ikastetxera edo Arizmendiren Santa Teresa gunera joateko bidea erraztuko du. Haurren karrotxoekin doazenentzat lagungarri izango da" azaldu du Arrupek. 

Fase bakarrean

Proiektua faseka edo aldi berean egingo duten galdetuta, hona Maria Ubarretxenaren erantzuna: "Hiru igogailuak elkarren alboan egonda, fase bakarrean egingo dugu".

Erguingoa bi zatitan egingo zutela eman zuten aditzera, baina gaurkoan ez du baztertu hura ere aldi bakarrean egitea. "Erguinen lau igogailu daude, eta hasieran esan genuen lehen biak egingo genituela lehen fasean. Baina oraindik ez dugu deialdi publikoa egin, eta ez dugu baztertzen Erguingo sistema aldi bakarrean esleitzea".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak