Agintaldi berrian gizarte zerbitzuak "areagotzeko" dituen asmoak azaldu ditu EAJk

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 20a, 13:57

Ander Garay, Amaia Aspiazu, Maria Ubarretxena, Anuska Ezkurra eta Edurne Unamuno, Iturbide egoitza kanpo aldean.

Iturbide egoitzan egin dute agerraldia,  bertan nagusientzako arreta zerbitzu berri bat jarri nahi dutelako: 312 metro koadro izango ditu, menpekotasun maila baxua dutenentzat izango litzateke, Udal eskumenekoa izango da eta 30 lagunei emango die zerbitzua. Horrez gain, behar puntualak asetzeko etxez-etxeko zerbitzu bat ere ezarri nahi dute.

Arrasateko EAJk agerraldia egin du gaur, gizarte zerbitzuetan hurrengo lau urteetan egin nahi dituztenak aditzera emateko. Maria Ubarretxena alkategaiak hartu du hitza, eta hasteko, agintaldi honetan gizarte ongizatearen alorrean egindako "esfortzua" azpimarratu du. Besteak beste, aipatu ditu, elikagai bankua berriz martxan jarri izana, drogamenpekotasunarekin lotuta jarritako bi zerbitzuak eta horietako bat bikoiztu izana –kale hezitzaileen zerbitzua–, droga kontsumoa prebenitzeko ikastetxeekin egindako lanketa edo menpekotasun egoera dauden adindunen etxeetan suteen aurkako gailuak jarri izana. Egindako "esfortzu" horren erakusletzat jarri du ere, gizarte ongizatean biztanleko inbertsioei dagokionez Espainiako hirugarren udalerria izatea.

"Arrasateko biztanlegoaren %25ak 65 urtetik gora ditu, eta hauentzako zerbitzuak indartzeko apustua egiten du Arrasateko EAJk" adierazi du Ubarretxenak. 

Baina aurrera begira jarrita, hurrengo lau urteetan alor honetako ekimenak "areagotzen jarraitzeko asmoa" dutela esan du, eta bi egitasmoren berri eman dute.

EAJko hautagaiak, arreta zerbitzu berria jarri nahi duten gunea seinalatzen.

Lehenik eta behin, Iturbide egoitzan hutsik dagoen gune bat –irudian seinalatzen ari direna– nagusientzako arreta zerbitzua emateko baliatuko dutela esan dute. Menpekotasun maila oso baxuko 30 lagunei emango lieke zerbitzua, eta Udal eskumenekoa izango litzateke. Guneak 312 metro koadro izango lituzke, eta besteak beste, 155 metro koadro gela nagusi bat, eta erabilera anitzetarako 50 metro koadroko gela bat edukiko ditu. 

Ostean, etxez-etxe eman nahi duten arreta zerbitzu berri bat jarri nahi dutela azaldu dute; kasu honetan, zaintzan dabiltzan familien unean uneko beharrak asetzeko. "Demagun zaintzan dabilen familiako kide batek ospitalera joan behar duela. Iraupen laburreko behar hori asetzeko etxez-etxeko zerbitzu jarri nahi dugu".

Errespetu eske

Udal hauteskundeen kanpainako azken astean sartu berri, ondorengo mezuarekin amaitu du agerraldia Ubarretxena alkategaiak. "Azken astean gaude, eta ikusitakoak ikusita, errespetua eskatzen dugu Arrasateko alderdi politiko guztientzat, eta alkategai guztientzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak