Bigarren zatian ihes egin dio partiduak ARTri

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 19a, 17:50
ARTk jokalariak, atzo Errioxan jokatutako norgehiagokan (Argazkia: Iñigo Arriaran Olalde)

Bulegoko lanak fruituak eman ostean, kategorian jarraitzeko Logroñoko Pradoviejo taldearen aurkako kanporaketa jokatzea lortu du ARTk. Atzo jokatu zuten joaneko partida etxetik kanpo, eta sarraigileak atsedenaldira aurretik joan arren, bigarren zatian errioxarrak erabat nagusitu ziren (36-7). 

Une askotan aurkaria baino gehiago izan arren, markagailu kaxkarrarekin itzuli ziren ARTkoak Errioxa aldetik. Partiduari bikain ekin zioten mondragoetarrek, eta markagailuan aurrea hartu zuten Julen Bellanek lortutako entsegu bati esker. Lehen zatian txartel horia ikusi zuen ARTko kide batek, eta taldea 10 minutuz aritu zen jokalari bat gutxiagorekin, baina hala ere aurretik heldu ziren atsedenaldira (5-7).

"Dominatzen eta gustura aritu ginen lehen zatian. Ondo plakatu dugu, eta minutu asko egin ditugu euren marratik gertu. Atsedenaldira aurretik heldu gara, eta aldageletan denok genuen sentsazioa bera: partidua irabaztea eta kanporaketa gainditzea posible zela" azaldu du taldeko prestatzaile den Igor Isasik. 

Baina bigarren zatia, beste kontu bat izan zen. "Haizea aurka geneukan, eta hori igartzen da. Hala ere, ezin zaio gertatukoaren errua haizeari egotzi. Errioxarrak hobeto jokatzen hasi ziren, batez ere, baloia mugitzeko unean. Eskura ematen asko asmatu zuten, eta min egin digute". 60. minutura arte lehian sartuta egon ziren ARTkoak (15-7), baina azken txanpan asko gizendu zuten markagailua etxekoek. "Epailea ez zen oso fin aritu, eta gutako asko partidutik ateratzea eragin du horrek: protestak, haserreak... Ostean borroka une bat egon zen bi taldetako jokalari bana egotzi zituen epaileak. Hamar minutu falta ziren norgehiagoka amaitzeko, eta hor beste bi entsegu sartu dizkigute".

Bueltakoa, hurrengo zapatuan, Mojategin

Kanporaketak bi partidutara izaten dira, eta oraindik ez dago ezer erabakita. Isasik berak onartu du aldea "handia" dela, baina ez du esperantza galtzen Arrasateko partidura begira. "Partiduan zehar ikusi dugu, gauzak ondo eginez gero eurak kontrolpean eduki ditzakegula. Aldea handia da, bai; baina Mojategin, zaleen babesarekin, partidu borobila egiten badugu, aukerak izan ditzakegu mailari eusteko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak