Garaipen erosoa, eta bi agur

Eneko Azurmendi 2019ko mai. 18a, 19:40

Denboraldiko azken partidua zuen etxean Mondrak, eta espero baino errazago menderatu du Amaikak bat (3-1). Partiduko protagonistak, halere, Andoni Aizpurua eta Iker Uribarren izan dira. Izan ere, hainbat urteko ibilbidearen ostean, Mojategin jokatu duten azken partidua izan da gaurkoa.

Partidu guztian zehar, Amaikak Bat baino gehiago izan da Mondra, eta garaipen erosoa lortu du etxeko taldeak, denboraldi honetan Mojategin jokatu duten azken partiduan –azken jardunaldia geratzen da oraindik–.

Intentsitate handiko partidu hasiera baten ostean, bederatzigarren minuturako aurreratu dira etxekoak, Oihanen golarekin, eta bost minutu beranduago bigarrena egiteko aukera izan du Aizpuruak, atezainaren aurrean bakarrik geratu ostean. Lehenengo zatia bukatzear zela iritsi da kanpokoen aukerarik garbiena, baina Markelek ondo geratu du jaurtiketa.

Bigarren zatian ere aukera garbiak izan dituzte etxekoek aldea handitzeko, eta 66. minutuan lortu dute hori, Gorkaren gol eder baten bitartez. Amaikak Bat taldeak ez zeukan erasoan saiatu beste aukerarik, eta partiduari erritmo gogorragoa sartzen saiatu da. Gol aukera nahiko garbi bat ere izan dute 76. minutuan, baita 89. minutuan ere. Baina ez dute asmatu, eta defentsako huts egite baten ostean, hirugarrena lortu du Pavonek. Azken hatsean gola egitea lortu dute kanpokoek, baina 3-1 bukatu da partidua.

Modu horretan, Amaikak Bat bera aurreratu, eta laugarren postuan jarri dira arrasatearrak.

Bi agur

Partiduko protagonistak, markagailuaz harago, Andoni Aizpurua eta Iker Uribarren izan dira, urte luzez Mondrako jokalari izan ostean, Mojategin jokatu duten azken partidua izan delako gaurkoa. "Aspaldi hartutako erabakia izan da. Ondo bukatzea zen helburua eta lortu dugu. Orain gazteei egin behar zaie lekua", dio Uribarrenek. Aizpuruak, aldiz, lesio baten ondorioz utzi behar izan du. "Denboraldi bat daramat belauneko arazoekin, eta medikuak futbola uztea aholkatu zidan. Entrenatzaileari eskatu nion denboraldia zelaian bukatzea, jokatzen, eta hala izan da. Beraz, pozik nago". Biek eskerrak eman dizkiete gaur Mojategira hurbildutako guztiei, kuadrillakoei eta Mondrari ere bai.

Aretxabaletak, porrota

Partidu zaila zeukaten gaur aretxabaletarrek, Anaitasuna bigarren sailkatuaren aurka, eta porrotarekin itzuli dira Azkoititik (3-0). Bergarak bihar jokatuko du Lesakan, Beti Gazteren aurka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak