Esentziaz eta kolorez bete dituzte klaustroko lau paretak herriko margolariek

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 17a, 21:37
Erakusketan koadroak jarri dituzten margolariak, talde argazkia ateratzen.

Amaia Bengoak zuzentzen dituen Kulturateko Margo tailerreko partaideek Quattrocentotik erakusketa estreinatu dute gaur. Tamaina eta estilo askotariko 57 lanek osatzen dute bilduma, azken urteetan bildutako uzta emankorraren adibide. Aipatzea ere talde "osasuntsu" dagoela, 180 partaide baititu gaur egun. 

Klaustrora sartu, eta jende pila ikusi ahal izan dute gaur inauguratu den erakusketara joan diren bisitariek. Klaustroko paretak margolan koloretsuez beteta egon dira, eta hauen egileak ere hara eta hona aritu dira: bisitariak agurtzen, eta euren margolanei buruzko xehetasunak emanez. 

Koadroak askotarikoak eta gustu guztientzako modukoak: hirietako zein naturako paisaiak, lorak, erretratuak, txoriak, ... eta estilo ugari ere: oleoak, collageak mihisean... 

Aipatzea, klaustroko pareta bakoitzean talde lanean egindako koadro handi bana dagoela. Denetan deigarriena, akaso, 3,60 x 1,80 dimentsioak dituen Picassoren Gernika: kolorez margotua, eta 32 lagunen artean egina. Bitxikeria hau kontatu digu margolarietako batek koadro horri buruz: "behin, bodega bateko jabe batek hura erosteko asmoa zuela jakin genuen. Harekin harremanetan jarri ginen eta 6.000 euroko prezioa jarri genion, negoziagarriak beti ere. Eta haren erantzuna honakoa izan zen: Neurriz ederki datorkit, baina prezioz ez hainbeste. 250 euro eskaintzen dizkizuet. Hura entzun bezain pronto pikutara bidali genuen. Koadro horren atzean sekulako lana dago, eta kopuru hori eskaintzea lan hori mespretxatzea da!".

Beste talde lan interesgarri bat, Renault etxeko cuatrolatas modeloarekin egin dutena collagea. Oinarrian auto berdina zuten 41 koadrok osatzen dute, baina artistek ukitu berezia eman diote autoari, konposizio bitxi eta deigarria sortuz. 

Erakusketa ekainaren 14ra arte egongo da ikusgai, eta norbaitek koadro bat erosi nahi izanez gero, artistekin negoziatzeko aukera izango du. Baina adi prezioekin, ez baitute edozein eskaintza ontzat emango eta. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak