Maialen de Arroiaberen estilismoa Eurovision-en

Aitor Agiriano 2019ko mai. 17a, 16:38
Maialen de Arroiabe, Miki Nuñez janzten.

Bihar, zapatua, Eurovision jaialdia izango da Tel Aviv-en (Israel), eta Espainiako taldearen jantzien arduraduna da Maialen de Arroiabe arrasatearra. Look "modernoa, elegantea eta koloretsua" eramango dute Miki Nuñezek eta taldeko kideek.

Otsailean, Universal Music disko-etxetik deitu eta La venda Eurovisioneko proiektua proposatu zioten Maialen de Arroiabe estilista arrasatearrari. Profesionalki aukera bikaina zela iruditu zitzaion, Eurovision musika munduan oso garrantzitsua den lehiaketa bat delako. Eta, gainera, argi izan zuen horrelako esperientzia ikusgarri bat bizitzan behin, behintzat, bizi nahi zuela.

Europa mailan eta mundu guztian ia 200 milioi pertsonak ikusten duten ekitaldia da. Hala, Tel Aviv-en zapatuan izango den jaialdian arituko diren Espainiako taldearen estilismoarekin arduratuko da arrasatearra.

Bi hilabete eta erdiz aritu da Fokas Evangelinos Greziako zuzendari artistiko ospetsuarekin eta berak aukeratutako hiru diseinatzaile garrantzitsurekin lanean: Armani, Anmargo eta Guillermo Villanuevarekin, hain zuzen: "Oso prozesu interesgarria izan da, eta, batez ere, kolorea eta erosotasuna landu dugu estilismoetan". Hala, Miki Nuñezen eta berarekin zapatuan izango den final handian arituko diren dantzari-abeslarien jantziak prestatzea lan "intentsua baina polita" izan dela dio. Gainera, esperientzia izugarria izaten ari da lehen aldi hau berarentzako: "Toki ezberdin askotariko jende berezi eta interesagarria ezagutzen ari naiz, eta musikak jendea nola lotzen duen bizitzea oso polita da".

Oso jantzi koloretsuak

Mutilek praka eta kamiseta eramango dute. Neskek, aldiz, praka eta crop-a: "Oso look oinarrizkoak badirudite ere, dena oso neurtua dago, emanaldian izango den argi diseinua kontuan hartuta prentsatu dugu-eta guztia. Agertoki gainean eroso sentitu daitezen nahi izan dut, eta, horretarako, material eta kolore perfektuak bilatu ditugu. Azkenean, show-ak bat egin behar du osotasunean eta denak eduki behar du zentzu bat".

Beste aldi batzuetan, fantasiazko jantziak, esmokinak eta alfonbra gorrietan ikusten ditugun jantziak eraman izan dituzte. Baina gazte arropa freskoa eramatearen aldeko apustua egin dute oraingoan, estilo hori baita La Venda abestiarekin eta Miki Nuñez abeslariaren izaerarekin bat egiten duena.

Prest dute guztia jada zapatuan izango den final handirako, eta ez dela sorpresarik izango aurreratu du Arroiabek: "Egun hauetako entseguetan ikusitako arropa bera eramango dute final handian artistek". Orain, baina, egin beharrekoak eginda, emaitzaz gozatzea besterik ez zaio gelditzen: "Larunbatean gertatzen dena gertatuta ere, gu pozik izango gara egindako lanarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak