Oñatiko Ganbara Abesbatzaren oinarritik sortutako emakume abesbatza da Hots; 2016ko irailean Aitor Biain Bidarteren zuzendaritzapean sortutakoa. Gaur egun, 40 kide ditu, Oñatiarrez gainera, eskualdeko eta probintziako abeslariek osatzen dute taldea. 2016ko Gabonetan Oñatiko San Migel parrokian estreinako kontzertua egin zutenetik, ibilbide oparoa egin dute, hainbat alditan abestu dute herrian, askotariko ekimenetan, eta baita kanpoan ere; horrez gain, EITBren Oholtzan saioan ere izan ziren.
San Frantzisko elizan 19:30ean izango dira gaur, egubakoitza. A cappella eta pianoz lagundutako musika lantzen du Hots Abesbatzak, garai klasikotik musika garaikidera, euskal folklorea eta beste herrialde batzuetako musika interpretatuta, eta hala egingo dute gaur ere. Eli Mendiaraz pianista lagun, Eva Ugalderen, Josu Elberdinen eta Junkal Guerreroren piezak abestuko dituzte, besteak beste.
Domekan, nazioartean eskarmentu handia duen Alejandro Aparicio gitarra-joleak borobilduko du zikloa Kulturateko areto nagusian. Garai eta jatorri askotariko piezak interpretatuko ditu gitarrarekin.