Domekan Eskola Arteko Txapelketan hasiko da Arrasate Atletiko 75. urteurrena ospatzen

Xabier Urtzelai 2019ko mai. 10a, 13:13

Bidasoako taldearekin asteburuan Huescan lehiatuko diren hiru atletak: Aitor Uranga, Alain Egia eta Mikel Agirre.

Arrasateko atletek Sorian, Huescan, Anoetan eta Mojategin izango dituzte asteburuan hitzorduak. Domekan, Arrasate Atletiko Taldeko ordezkariek Fernando Zufiria Txufi omenduko dute Mojategin, Gipuzkoako eskolarteko txapelketak izango direla aprobetxatuta. Hori izango da klubaren 75. urteurrena ospatzeko lehen ekitaldia.

Arrasate Atletiko Taldeak 75 urte betetzen ditu, eta urteurren borobil horretan domekan egingo dute lehen hitzordua. Hala, horrenbeste urtetan Arrasateko atletismoaren harrobiarekin lanean ibili den Fernando Zufiria Txufi-k merezitako omenaldia jasoko du 12:00etan; Eskola arteko Gipuzkoako Txapelketa, baina, 10:00etan hasiko dute. 

Etxeko puntako atletekin, erakustaldia

Urteurreneko ekitaldi politena, baina, irailaren 7an egingo dute, eta bertan Arrasateko atletak izango dira protagonista. Izan ere, Ibai-Arteko Merkemerkauarekin batera atletismo erakusketa egingo dute kalean; asmoa da Biteriko plaza atletismo pista bilakatzea, eta, besteen artean, pertika-jauziko eta luzera-jauziko erakustaldiak bertan egitea (16:00): Euskal Herriko atleta onentsuenak ditugu eta herriko kaleetan gozatu ahal izango dugu euren mailarekin", adierazi dio GOIENAri Jon Ormaetxeak.

Atletak hasi dira lehenengo emaitzak batzen

Bestalde, atletek dagoeneko hasi dute aire zabaleko denboraldia. Hala, Istar Dapenak bost metroko saltoa egin zuen joan den astean Euskadiko Kopan eta Iñigo Uribarrenek 15,21eko marka egin zuen. Ibai Fernandez, berriz, Castellon egindako unibertsitate txapelketan, 100 metrokoan 11 segundoko markatik jaitsi zen (10.80), eta ez da marka makala, denboraldi hasiera dela kontuan izanda. Asteburuan, berriz, Real Sociedad taldeko lau ordezkari horiek Sorian lehiatuko dira Ohorezko Lehen Mailako Liga saioan. Aipatu behar da Malen Ruiz de Azuak salto hirukoitzean 12,13 metroko saltoa egin zuela –Arrasateko errekorra–.

Bestalde, Huescan, lehenengo mailako Ligan Arrasate Kanpanzar taldeko hainbat atleta Bidasoako klubarekin lehiatuko dira, Arrasateko kluba filiala da eta. Eta Anoetan, Malen Ruiz de Azuak eta Maialen Axpek ere txapelketa izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak