Arrasateko EAJk, ELMA eraikin historikoarekin dituen asmoak azaltzeko agerraldia egin du gaur goizean. 600 metro karratuko lau solairu dituen eraikina, zerbitzu funtzioak eskaintzeko erabiltzea planteatzen dute, eta gaur gaurkoz, honako hiru zerbitzuak eskaintzeko "etxerako lanak" eginda dituztela azaldu du Ubarretxena alkateak: Lanbide, kontsumitzaileen arreta zerbitzua eta Mugi txartela tramitatzeko bulegoa
"Aurrez egindako" lan horren harira prentsa agerraldian parte hartu dute Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zerbitzu Orokorren zuzendari Nestor Aranak, eta Jaurlaritzako enplegu eta gazteria sailburuorde den Marcos Murok.
Egun Lanbidek tren geltokiko eraikinean ematen du zerbitzua, baina Ubarretxenak azaldu gaur egun txiki geratu dela eraikina, eta baita zaharkituta ere, batez ere irisgarritasun aldetik. Lanbide Elmara lekualdatuz gero, tren geltokiko eraikina gazte eta nerabeen aisialdirako gune izatea nahi du EAJk.
Kontsumitzaileen arreta eta Mugi
ELMAko eraikina ez lukete Lanbiderentzako bakarrik bideratuko. Kontsumitzaileen arreta zerbitzua eta Mugi txartela tramitatzeko bulegoa Elman jartzeko gestioak ere egin dituzte EAJkoek, eta Ubarretxenak azaldu du Herritarrentzako tramitazioak errazteko gune izatea nahi dutela. da
Ubarretxenak esan du asmoa dela ELMA zerbitzua ematea arrasatearrei, eta baita debagoiendarrei ere, eta etorkizunean beste honako zerbitzuak eskaini nahiko lituzketela: "Nahiko genuke Gizarte Segurantza, edo nortasun agiria egiteko zerbitzua eman ahal izatea Arrasatetik mugitu gabe. Badakigu horrek lanketa luzeagoa eta sakonago behar duela, baina prest gaude lanketa horri ekiteko".