Sorian onenen artean egoteko presio barik

Xabier Urtzelai 2019ko mai. 10a, 10:10

Uxue Azkue aerobikeko ariketa bat egiten. Dragoi Gimnasia Taldea.

Arrasate Dragoi Taldeko gimnastak Espainiako Aerobik Txapelketan lehiatuko dira bihar. Iaz podiumera igo ziren, baina badakite Kataluniatik eta Valentziatik maila handiko taldeak etorriko direla: "Urteko hitzordu garrantzitsuena bilakatu da guretako".

Arrasateko Dragoi Gimnasia Taldeko Uxue Azkue –bakarka–, Naia Irazola eta Izaskun Garcia –binaka– eta Nora Marco, Sara Yan Azkarate eta Maider Agirreurreta –hirunaka– Espainiako Aerobik Txapelketan lehiatuko dira bihar, Sorian: "Entrenamendu saio ofiziala gaur [egubakoitza] izango dute. Aerobikean zoru berezia jartzen dute, biguna da, kolpeak leuntzeko, eta horretara ohitzeko eta ariketak praktikatzeko azken saioa izaten da egubakoitzekoa. Bihar, berriz, jardunaldiak luze joko du", dio Dragoiko ordezkari Edurne Elkorok. 

Arrasateko neskak iaz podiumera igo ziren –ez da lehenengo aldia– eta aurten ere lan txukuna egiteko asmoz doaz, baina inongo presio barik: "Esperientzia aberasgarria da, eta neskak ederto pasatzera doaz, ez dugu gehiagorik behar. Aerobika duela gutxi hasi gara klubean praktikatzen; Euskal Herrian oso modalitate ezezaguna da, baina gimnasia erritmikoarekin bateragarria da, eta horixe esaten diegu neskei, goza dezatela, eurek bi modalitate egiten dituztelako, aurrean izango dituzten beste talde asko aerobikera bakarrik dedikatzen direla".

Kontrario gogorrak 

Valentzia eta Bartzelona aldean aerobikak askoz ere jarraitzaile gehiago ditu, eta talde sendoak dituzte han: "Egubakoitzeko entrenamendu saioan ikusi ahal izango da ze maila egongo den txapelketan, ordura arte ezinezkoa da-eta ezer aurreratzera. Gure neskek aurrez prestatutako ariketa jakin batzuk egingo dituzte, jakinda, ariketa bakoitzak epaileen aurrean puntuazio konkretu bat duela. Hala, posible da zailtasun –eta puntuazio– handiko saio bat prestatzea, baina ondoren saioa ez bada behar den moduan egiten, epaileek puntuazio txikia emango dute. Alde horretatik, posible da egubakoitzean ikustea beste talde batzuek ariketa zailagoak egin behar dituztela, baina gero, ondo egin behar dira horiek. Azken orduan aldaketak egiten ibiltzeak ez die neskei onik egiten, lasaitasunak eta konfiantzak ere asko balio du-eta halako txapelketa batean".

Hala, Arrasateko klubeko ordezkari batzuek beste urte batzuetako esperientzia izango dute, baina, esaterako, Nora Marcok, Sara Yan Azkaratek eta Maider Agirreurretak debuta egingo dute Espainiakoan: "Patxadari eusteak balio handia du, eta entrenatzaileak badaki euretako bakoitzari zenbat eska diezaiokeen. Dena dela, azken urteotan neskak oso ondo lehiatzen dakitela erakutsi dute".

Bihar, Tolosan, Gipuzkoako Txapelketa

Gipuzkoako A eta B mailetako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa jokatuko dute bihar Tolosan. Dragoi taldetik, alebinetan, bakarka, Eider Vazquez eta Uxue Vicario lehiatuko dira; infantiletan, bakarka, Liyanis Alonso eta Miren Miguelez.

Sanisidrotan erakustaldia

Domekan, berriz, Dragoiko gimnastek Musakolako kiroldegian erakustaldia egingo dute (11:30). San Isidro jaien barruan prestatutako hitzordua da, eta 5-14 urteko gimnastek urte osoan zehar egindako lana zaleen aurrean erakutsi ahal izango dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak