11-13 sumarioko auzipetuak ekinbide judizialari aurre egiteko "ilusioz eta indarrez" daude

Maialen Regueiro 2019ko mai. 9a, 10:13

Apirilean jakin zen 11-13 sumarioko auzipetuek irailaren 16an izango dutela epaiketa. Auzipetuek bidalitako ohar batean adierazi dute, eskertzekoa dela, data hori jakin zenetik, jaso duten "berotasuna eta hurbiltasuna". Izan ere, babestuak eta zainduak sentitu dira. Hala, jakinarazi dute esku artean dituztela hainbat ekinbide eta xehetasun gehiago, ekainaren 1ean Donostian egingo duten agerraldian emango dituztela. 

Irailaren 16ko epaiketa

Data horretan, Espainiako Entzutegi Nazionalean izango duten epaiketari dagokionez, honakoa aipatu dute: "Kezkaz bizi dugu makroepaiketa honek suposa dezakeena, baina ilusioz eta indarrez beteta gaude gure aurkako ekinbide judizial, mediatiko eta politikoari aurre egiteko". Dagoeneko lantaldeetan antolatu dira eta koordinazio bilerak egin dituzte, epaiketaren lan eskergari ahalik eta hoberen aurre egiteko. Bestalde, gaineratu dute, "elkar hartuz eta zainduz modu kolektiboan erantzungo diogu jazarpen honi guztiari". 

Epaiketaren zereginak prestatzen hasi dira, lekukoak eta azpiegiturak lotzen, besteak beste. Horrez gain, adierazi dute "epaiketak suposatuko digun galera ekonomiko ikaragarria arintzeko moduak aztertzen ari gara". Horren harira, "epaiketa honen bidegabekeria ikaragarria salatu, jasotzen ari garen elkartasun guztia antolatu eta epaiketa honen oinarrian dagoen preso eta erbesteratuen egoera konpontzeko aldarrikatuz mobilizazio herritar indartsu bat abiatzeko prestaketak ere abiatu ditugu" azpimarratu nahi izan dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak