Musakolako jaien aurretik egiten duten mendi bizikleta martxa termometro moduan erabiltzen badugu, aurtengo jaiak ere indartsu datoz. Kirol hitzorduak izango dira –Gimnasia erritmiko erakustaldia, trial erakustaldia edo launako eskubaloi txapelketa, esaterako–, eta haurrendako ere egitarauan hitzordu mordoa dago. Baina, jai batzordeko ordezkariek oraingoan rock kontzertuak antolatzen egin dute bereziki ahalegina.
Egubakoitzean Barbe-Q-Barbies taldea izango da kartelburua. Finlandiako taldeak Borrowed Time Tour 2019 izeneko bira hasi berri du eta bihar, eguena, Parisen emango duten emanaldiaren ondoren zuzen etorriko dira Zigorrolara (kontzertua egubakoitzean 23:00etan hasiko dute): "Pozik gaude gurean izango delako Euskal Herrian egingo duten kontzertu bakarra", adierazi du auzo alkate Iban Goñik. Hala, Arrasateko Sindy Berbenas, Xementerio eta Krisis taldeek ere zale asko eramango dituzte Musakolara.

Zapatuan, berriz, Gazte Tour Ekimenaren barruan, Foru Aldundiarekin batera Arrasateko Udaleko Gazte Sailak bigarren kontzertu bat antolatu du. Eta hor, 19:30ean Libertad Condicional, La Basu eta Tribade taldeek emanaldia egingo dute. Lehenago, 17:00etan, parkour masterclass-a antolatuko dute, Lotzen Add taldearen eskutik.
Egubakoitzean, jubilatuen eguna
Jaiak, baina, erretiratuen egunarekin hasiko dituzte egubakoitzean (19:30ean erretiratuendako jai afaria izango da Al-Andalusen). Aurreratu moduan, baina, gaztetxoendako hitzordu mordoa egongo da egunean zehar, 10:15ean ikastetxeetan haur jolasekin hasten direnetik (17:30ean gazteendako merienda eta tailerrak izango dira Gaztetxokoan). Zapatuan, ostera, Koadrilen Eguna ospatuko dute. Eta hor, herri bazkariarekin batera (15:00) motorren topaketak (16:00etan hasita) ere protagonismoa hartuko du. Eta domekan, besteak beste, hainbat kirol topaketa izango dira, tartean, gimnasia erritmikoko erakustaldia, launako eskubaloi txapelketa, edota trial erakustaldia –hitzorduok San Antolin plazan izango dira–.
Udalarekin haserre
Azken urteotako jai egitarau "potoloena" antolatu badute ere, jai batzordea aurkezpenean haserre azaldu zen Udalaren partetik izandago babes faltarekin: "Nekatuta gaude, gure lana boluntarioa da eta gauzak antolatzeko Udalaren partetik erraztasunak izan beharrean trabak baino ez ditugu izaten. Horrela jarraitzen badugu guk agur esango dugu, izan ere, aurtengo karteleko irudia ez da kasualitatea, halaxe sentitzen gara".


