"Trikitixa Eskolak jada baditu 28 urte. 10. urteurrena bete genuenean disko bat grabatu genuen; orduan Eskola txikiagoa zen, eta herriko kide askoren ekarpenak izan zituen. Baina ordutik hona 18 urte pasa dira. Tarte horretan Eskolako ikasle kopurua asko handitu da, eta ibilbide horretan pilatutakoa ez dadin galdu, disko bat grabatzeko gogoz geunden" azaldu du Eskolako irakasle den Maixa Lizarribarrek.
Hamaika abesti izango ditu diskoak, eta denetarik izango du: "Nahaste bat da. Kantu herrikoak ditu, baita guk konposatutakoak eta baita beste batzuek maileguan emandakoak ere. Nahaste horretan inprobisatutako kanta bat ere badago, eta abesti guztiek dute historia propioa. Den-denek".
Ikasleak eta kolaboratzaileak
Diskoan Eskolako Ikasle askok hartu dute parte, baina baita inguruko beste kolaboratzaile batzuek ere. "Eskolan une honetan 170 ikasle daude, eta, tamalez, ez da posible izan denek bertan parte hartzea. Hala ere, ahalik eta ikasle kopuru handiena sartzen ahalegindu gara, eta kanpoan geratu diren horiek, ziur hurrengo diskoan parte hartuko dutela". Baina Eskolako ateak gainditu ditu diskoak, eta inguruko lagun askoren kolaborazioak ditu: "Kris Solanok kantu bat utzi digu, eta bere ahotsa ere sartu du. Arrasate Musikaleko musikarien laguntza ere izan dugu, eta horrez gain, herriko musika taldeetako kide batzuk ere gonbidatu ditugu gurekin parte hartzera".
Hona hemen kolaboratzaileen zerrenda:
-
Haizeak: Iñaki Lizarraga –saxoa–, Peru Atxa –tronpeta–, eta Iurgi Iraola –tronboia–.
-
Sokak: Edu Churruca –biolina–, Jabier Retegi –biola– eta Itziar Epelde –biolontxeloa–.
-
Ahotsak: Porru, Romeo –The Potes–, Sala –The Potes–, Serge –Eraso!–, Kris Solano eta La Furia
Diskoa Arrasateko Shot! estudio berrituan grabatu dute, eta Lizarribarrek dio plazera dela Iñaki Bengoarekin lan egitea: "Gu ilusioz beteta etorri gara grabatzera, baina Iñakik bere gogo onena jarri du gure esku. Ikaragarria da zer nolako pazientzia duen. Ezinbestekoa izan da. Produktore lanetan, aldiz, Xabier Zabala aritu da, eta guretzako sekulako luxua da horrelako bi profesionalekin batera lan egitea".
Diskoa San Juan jaietarako plazaratzea da asmoa. "Kurtso amaierako jaialdia baliatuko dugu, diskoa aurkezteko".