Egindako lanak eman du fruitua, beste behin ere

Eneko Azurmendi 2019ko api. 17a, 09:56
Estricalla eta Jerry A & 25th Coming Fire taldeen kontzertua. Argazkia: Eider Iturriaga.

Kooltur Ostegunak ekimenaren bederatzigarren edizioa amaitu da, eta antolatzaileak "pozik eta harro" azaldu dira denboraldiak emandakoarekin; urrian hasita, 32 talde eta 4.500 ikusle inguru pasa dira Arrasateko gaztetxetik –Ishotu! jaialdia barne–.

Crim talde kataluniarrak eman dio amaiera bederatzigarren denboraldi honi. "Iaz ere jo zuten. Talde txukuna iruditu zitzaigun, eta errepikatzea erabaki genuen. Kasualitatez, denboraldiari amaiera eman dion kontzertua izan da, eta 250 lagun inguru batu dira", azaldu du Iker Barandiaranek, Kooltur Ekintza taldeko kideak.

Ikusle kopurua ez da salbuespena izan, eta, alde horretatik, pozik geratu dira antolatzaileak. "Unidad Alavesa ikustera 380 bat pertsona etorri ziren, Rude Pride ikustera 340, Anariren kontzertura ia 300... Oso kontzertu gutxi izan dira 100 pertsonatik behera etorri direnak, eta hori oso seinale ona da. Adin guztietako jendea etorri da, eta publiko berriari ateak irekitzea lortu dugu. Bestela gaztetxera etorriko ez liratekeen asko etortzen dira kontzertu hauetara, eta hori inportantea da", dio Barandiaranek.

Egonkortutako egitasmoa

"Azkar" pasatu dira bederatzi urte hauek, antolakuntzako kidearen esanetan, eta, "poza" dakarren arren, "nekea" ere badakar. "Dedikazio handia eskatzen duen lana da. Astero talde txukunak ekartzen saiatzen gara, kalitate minimo bat daukatenak, eta soinu ona bermatzen ere saiatzen gara. Talde edozein delarik ere, guztiei tratu bera ematen diegu, eroso egon daitezen saiatzen gara, eta horrek ere lana dauka".

Kooltur Ostegunak "etxafuego" baten moduan hasi zen. "Jendeak sorpresaz hartu zuen eta hasieran oso erantzun ona izan zuen ekimenak. Gero, behera egin zuen, eta urte batzuetan jende gutxi etortzen zen. Hala ere, buelta eman genion horri eta egitasmoa egonkortu egin zen. Jende askorendako asteroko hitzordu bihurtzen hasi zen, eta, gaur egun, 50 bat pertsona eguenero hurbiltzen dira, talde bat edo beste bat egon. Jendeak formatua eta ordutegia asko baloratzen du".

Eskerrak

Antolatzaileak eskertuta azaldu dira. "Eskerrik asko musika taldeei eta beraien laguntzaile guztiei. Eskerrik asko laguntza behar izan dugunean lagundu diguzuenoi: bizirik irauteko arnasa zarete! Eta eskerrik asko zuoi, ikusleei, zuek gabe ez genuke-eta kontzerturik egingo!", diote Facebookeko mezu batean. "Askotan esan izan digu jendeak luxu bat dela hau, eta eskerrak eman izan dizkigute. Baina haiei esker jarraitzen dugu martxan".

Datorren urtekoa hamargarrena izango litzateke. Oraindik, ordea, ez dute ezer erabaki. "Polita izango litzateke egin ahal izatea, urteurren borobil hori behintzat betetzeko. Oraindik ez gara elkartu, eta ezin dugu ezer aurreratu, baina espero dugu baietz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak