Berrikuntzekin abiatu zuen Arrasateko euskara elkarteak urtero antolatzen duen lehiaketa, ohiko generoez gainera, komikiak eta ilustrazioak ere batzeko proposamena eginez. Apirilaren 5ean amaitu zen lanak entregatzeko epea, eta, jasotako lanen kopuruari begiratuta, pozik daudela diote antolatzaileek: "Orokorrean lan gehiago jasotzeaz gainera, parte hartze baxu samarra izan ohi duten mailetan ere, DBHtik gorakoetan, aurreko aldietan baino lan gehiago jaso dugu. Eta pozik gaude; azken batean, gaztetxoak sortzera animatzea da helburu nagusietako bat".
Guztira, 187 lan
Narrazioa izan da lehiakideen artean genero aukeratuenetako bat –60 lan–, baina haren aurretik dago estreinakoz eskaini duten ilustrazio lehiaketako parte-hartzaileen kopurua: 64 lan. Horrez gainera, bertso paper lehiaketan 29 lan jaso dituzte; mikro-ipuinetan, 23; poesia atalean, zortzi lan; eta hiru komiki.
Antolatzaileek eskerrak eman gura dizkiete lehiaketan bidelagun izan dituzten irakasleei eta bestelako kolaboratzaileei.