Parabellum eta Kañeria 13, San Andresko jaietan

Xabi Gorostidi 2019ko api. 19a, 12:00

Aste Santuko oporraldia amaitu ostean ez da aitzakiarik egongo triste egoteko: apirilaren 30etik maiatzaren 5era arte, San Andresen jaia izango da nagusi; rock kontzertuak, herri bazkaria eta gaztetxoentzako ekintzak izango dira, besteak beste

Adin eta gustu guztiak asetzeko egitaraua prestatu dute San Andresko Jai Batzordeko lagunek. "Aurtengo antolaketan asko igarri dugu Porru-ren falta, erretiratu egin da eta. Beti bezala, nagusientzako eta txikientzako ekintzak antolatu ditugu, eta nagusien bazkarien 80 urtetik gorako 70 lagun elkartuko dira. Esfortzu handia egin dugu autofinantzaketa kanpainan, eta horri esker Parabellum eta Bourbon Kings taldeak ekarri ditugu".

Bost eguneko egitaraua

Apirilaren 30an egingo du eztanda jaiak, 17:00etan botako duten txupinazoarekin. 17:30ean, txokolate-jana egingo dute Plaza Berrian; 20:30ean, beatbox-a eta umorea batzen dituen BocaBeats taldearen ikuskizuna; eta 22:00etan, cricket dardo txapelketa Equs tabernan.

Eguaztenean, auto telegidatuen ikuskizuna, puzgarriak, meza, helduen bazkaria, tute txapelketa eta Antxon magoaren ikuskizuna izango dira.

Barikua tuper bazkariarekin hasiko dute. Ostean etorriko dira txikientzako tailerrak eta buruhandiak, eta, eguna borobiltzeko, rock kontzertuak, Arrasateko zigiluarekin: Libertad Condicional talde gazteak eta Kañeria 13 garagartzarrak joko dute; azken horiek auzoko fitxaketa bat izango dute gitarra jotzen.

Zapatuan, puzgarriak eta txarangak girotutako poteoa izango dituzte goizean. Ostean, herri bazkaria, poneyak eta bigantxak, eta baita kontzertuak ere: Parabellum eta Bourbon Kings.

Domekan, erraldoiak eta txistulariak kalera irtengo dira goizean, eta arratsaldean, mus txapelketa eta Potx eta Lotx pailazoak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak