Jarraitzaileek bost urte itxaron behar izan dituzte Never Surrender taldea berriz ere etxean, Arrasateko gaztetxean, entzuteko eta atzo gauean 21. Korrikaren alde izan zen kontzertuarekin eman zitzaion amaiera itxaronaldi luze horri. Ikusmin handia zegoen laukotea berriz ere gaztetxeko agertokian ikusteko, eta horren adierazgarri izan zen sarrerak lortzeko sortu zen ilara luzea.
Musikariak eta publikoa, bat eginik
Kataluniako Batec taldeak zabaldu zuen gaua besteak beste iazko irailean kaleratu zuten Cicatrius de Guerra diskoan jasotako doinuekin, eta harrera beroa izan arren, argi zegoen gaztetxean bildutakoak Never Surrenderren zain zeudela. Arrasatekoek Latorrizko dominak abestiarekin hasi zuten emanaldia, eta berehalakoa izan zen publikoarekin konexioa
Taldearen abestiak izan ziren emanaldian jaun eta jabe, eta kontzertu guztian zehar nabaria izan zen musikariak jarraitzaileak bezainbeste gozatzen zebiltzala. The Poteseko hiru kiderekin batera abestutako 11 istorio, broncka eta gau ero kantuarekin eman zioten amaiera, agertokian behintzat, festari.