Bi lapur atxilotu dituzte Erreka tabernan lapurretan ari zirenean

Xabi Gorostidi 2019ko api. 12a, 13:02
Erreka tabernaren barru aldean, kalte material ugari.

Gaueko 01:30ak aldera sartu dira lapurrak ate printzipaleko kristala hautsita, eta bizilagun batek abisua eman ostean, jatetxe barruan harrapatu dituzte udaltzainek eta ertzainek. Jabeak adierazi du lapurreta egin diotenek alboan hutsik dagoen lokal komertzial batean egiten dutela lo, baina "inork ez duela ezer egiten". "Ez dago eskubiderik. Babesgabetasun itzelarekin bizi gara". 

"Aurrez bi lapurreta saiakera izan ditugu, eta hirugarrenean lortu dute" azaldu du jabeak. Lapurrak ate printzipaletik sartu dira, kristala apurtu ostean.

Irudiko kristala apurtu ostean sartu dira lapurrak jatetxera.

Tabako makinako eta kutxa erregistratzaileko dirua hartu dituzte, eta baita alkohol botila batzuk ere bai. Tabernako barra eta biltegian miatzen aritu dira eta hankaz gora utzi dituzte.

Barraren barrualdea hankaz gora.

Barra barruan eragindako kalteak.

Balio gutxiko txanponak lurrean botata.

Udaltzainak eta Ertzaintza garaiz heldu dira, eta lapurrak in situ atxilotu dituzte jatetxe barruan. Lapurretako bat tabernako atze aldetik ihes egiten ahalegindu da, aire hodien zirrikitutik, baina ez du lortu.

Irudiko zulotik ihes egiten ahalegindu lapurretako bat.

Tabernaren atze aldea, eta bertan haize hodien zirrikituak.

Bi atxilotu izan dira guztira, baina jabeak adierazi duenez baliteke eurekin batera hirugarren lagun bat egotea, atxilotu izan ez dena. Lapurrek motxila batean zituzten makinetatik ateratako dirua eta botilak, baina behin atzemanda, tabernan utzi behar izan dituzte.

Irudian lapurrek motxila barruan zeukatena: dirua eta alkohol botilak.

Hala ere, kalte material larriak eragin dituzte, ostu behar zuten hori baino askoz balio handiagoa dutenak. "Taberna txikituta utzi dute. Tabako makinak eta kutxa erregistratzaileak jada ez dute ezertarako balio, eta ontziteria ere apurtu dute".

Jatetxe alboko lokala

Jabeak azaldu duenez, jatetxe alboan dagoen lokal komertzial huts batean egiten dute lo lapurretan egin dutenek. "Izugarria da, baina nire bizilagunak dira. Eta okerrena da, inork ez duela horren aurka ezer egiten. Hainbat aldiz eskatu dut lokal horretako atea itxi dezatela, giltzarrapo batekin edo. Baina udaltzainek diote eurek ezin dezaketela hori egin. Zergatik bizi behar naiz beldurrarekin? Lotsagarria da".

Hutsik dagoen lokal komertzial barruan, lo egiteko koltxoi bat.

Hutsik dagoen lokala, Erreka jatetxearen alboan dago.

Jabeak adierazitakoaren arabera banketxe bat da lokal huts horren jabea. Lokal hutsaren barrualdean koltxoi bat dago, eta zantzuak daude bertan jendea bizi daitekeela pentsatzeko.

Udalaren azalpena

Atxiloketekin lotuta ondorengo oharra helarazi du Udalak:

"Gaur gauean Erreka tabernan bi pertsona sartu dira eta Udaltzainen eta Ertzaintzaren aktuazio baten ondorioz pertsona hauek atxilotuak izan dira eta Bergarako epaitegira eraman dituzte. Gaur goizean alkatea bera Bergarako epaitegira joan da gai honi jarraipena egitera Udalak gertaera hauen aurrean dugun ardura eta kezka adierazteko. Bertan bi atxilotuen abokatuarekin egoteko aukera izan du eta atxilotuak ziurrenik aske geratuko direnez, Ubarretxenak Udalaren ezin egona eta gaizkileek duten inpunitatearen aurrean sortzen zaigun haserre eta inpotentzia azaldu dio".

Jabeak azaldu duenez, atxilotuak aske geratu dira 08:00etan. Hori egia den ala ez galdetuta, ezin izan dute informazioa baieztatu Udal iturriek.

Eguneraketa

Udal iturriek jakinarazi dute gaur bertan itxi dutela Erreka jatetxe alboan hutsik dagoen lokala. 

Lapurrei buruz esan dute, 11:00ak arte egon direla Epaitegian, baina ostean aske geratu direla.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak