Hiru partidu garrantzitsu, denboraldia borobiltzeko

Eneko Azurmendi 2019ko api. 5a, 11:42
Gazteen Ohorezko Mailako taldea, eguazteneko entrenamenduan. Ezkerrean, goian, Cristian Levis.

Gazteen Ohorezko Mailako lider da momentu hauetan Mondra, eta hiru jardunaldiren faltan, aukera asko ditu Euskal Ligara igotzeko; bihar, zapatua, UDAren aurkako derbia dute Mojategin, 15:30ean; hirugarren postuan daude orain aretxabaletarrak.

Denboraldi bikaina egiten ari da Cristian Levisen taldea. "Taldea hartu nuenean, esan zidaten talde ona eta indartsua edukiko nuela, sailkapenaren goiko postuetan egoteko modukoa, baina garai hauetan hain goian egotea ez genuen espero. Helburu garrantzitsu bat lortzeko borrokan gaude, eta ikusiko dugu zer egiteko gai garen gelditzen diren hiru partidu hauetan", azaldu du entrenatzaileak.

"Kalitate handiko" jokalariak izateaz gain, "konpromiso handia" dute, Levisen esanetan. "Denboraldia luzea izaten da eta beti egoten dira gorabeherak eta zailtasunak. Partidu guztiak izaten dira zailak, eta asko borrokatu behar izan dugu, baina hor gaude. Kalitatea edukitzea ez da nahikoa, eta jokalari hauek duten konpromisoagatik ez balitz, ez ginateke gauden lekuan egongo", azpimarratu du.

Igoitz Mateok taldea utzi du

Talde laburra eduki du Mondrak denboraldi hasieratik. "Lesioekin, oro har, zortea izan dugu. Baina egia da Igoitz Mateo atezainak taldea utzi behar izan duela. Epe luzeko lesio bat izan du eta ezin izan da ondo errekuperatu. Erabaki du onena taldea uztea dela, eta guk guztiz errespetatzen dugu hori. Berarekin gaude, ez duelako batere erraza izan".

Hori dela eta, urte guztia atezain bakarrarekin egiten ari dira. "Zorionez, ez du minik hartu eta ez dute kaleratu. Ea gelditzen diren hiru partiduetan ere hala den", dio Levisek.

Derbirako, motibatuta

Pasa den astean Urolak 4-1 irabazi zien arrasatearrei. "Porrot horrek min eman zigun, eta motibatuta gaude derbirako. Partidu bereziak izaten dira aretxabaletarren aurkakoak, eta biharkoa ere hala izango da. Momentu ona da derbi bat jokatzeko, eta taldea konfiantzaz beterik dago". Ez da partidu erraza izango, halere. "Oso talde ona da, oso ondo jokatzen duena. Ligako talde indartsuenetako bat da, eta intentsitate handiarekin jokatu beharko dugu garaipena lortzeko".

Gero, Aloña Mendi eta Ilintxa geldituko zaizkie, sailkapeneko seigarrena eta laugarrena. "Amaiera zaila da, baina konfiantza osoa dut taldearengan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak