AED elkartearen eskutik egingo du geldialdia Laburbirak Arrasaten –Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen euskal film laburren zirkuitua–. Berezia izango da, gainera; izan ere, Ane Zuazubiskar arrasatearraren Erroak filma eskainiko dute, besteak beste.
Bailaran grabatutako lana
Zuazubiskarrek idatzi du Erroak film laburreko gidoia, eta zuzendari lanak ere egin ditu; hala ere, taldean egindako lana dela nabarmendu du arrasatearrak. 2018ko apirilean grabatu zuten filma, Arrasaten eta Aretxabaletan: "30 bat urte dituen emakume baten bizipenak kontatzen ditu: inguruko hainbat lagunek haurrak izan dituzte eta berak ere erabaki bat hartu beharko du gai horren inguruan", dio Zuazubiskarrek. Durangoko Azokan, Irudiena gunean aurkeztu zuten filma, eta, ondoren, Laburbira ekimenarekin hainbat herritan izan dira. Azaldu du "harrera ona" izaten ari dela, eta pozik daudela. "Film laburrean hainbat lagunek parte hartu dute eta eurendako polita izango da filma ikusteko aukera izatea", gaineratu du.
Emakumeen presentzia
XVI. Laburbira izan da aurtengoa. Bederatzi film labur jasotzen ditu; eta horietatik zazpi emakumeek zuzendutako lanak dira. Ordubete iraungo du film guztien emanaldiak, eta, hain zuzen ere, "proiekzioa kalitatezkoa eta dibertigarria" izango dela aurreratu dute. Aurtengo Laburbirak 35 geldialdi egin ditu. Horietako batzuetan, gainera, egileekin solasaldiak egiteko aukera egon da. Hala, eguazteneko proiekzioan, Ane Zuazubiskar izango da ikusleen galderak erantzuteko gogoz –19:00etan, Kulturaten–.