Azken jardunaldira arte borrokatu beharko du ARTk kategoriari eusteko. Baina, kontrarioa, ustez, gaurkoa baino zailagoa izango da, hirugarren postuagatik lehian dabilen Gaztediren zelaira joango direlako: "Baina tgure taldea edozer egiteko kapaz da. Etxean gasteiztarrei irabazteko gauza izan ginen, eta ezustean harrapatu genuen, ez zuten halakorik espero. Errebantxa gogoz daude, eta amorratuta, baina guk gure aukerak izango ditugu. Izan ere, gaur 23 jokalari izan ditugu eskura, eta horrela gaudenean edozertarako gauza da, gozada bat da", adierazi du Igor Isasik partidu amaieran.
"Penatuta gaude gaurko partiduagatik, zalantza bari. Baina amaieran jokalariei eskerrak eman dizkiet erakutsi duten konpromisoagatik, gaur jende asko egon garelako partiduan. Bagenekien korrika gu baino azkarragoak zirela, eta jokoa gure estilora ekartzen ahalegindu gara. Bigarren zatian tartea txikitu dugu, gertu izan ditugu, baina baloi galdu bat aprobetxatu dute min handia egin digun entsegu bat egiteko, eta jarraian lortu dute bigarrena. Partidu ia amaieran Herizek gure alde lortu du azkena, baina jada berandu zen".
Hala, etxekoek astebete izango dute Gasteizko partidua prestatzeko, eta jokalariak errekuperatzeko. Gaztediri irabazita seguruenik mailari eutsiko diote –beste emaitza batzuk ikusi behar dira– eta galduta, azken bigarren postuan sailkatzen badira jaitsiera fasea jokatzeko aukera izango dute maiatzean: "Ondo egongo litzateke kategoriari eustea, datorren urtean junior mailatik hainbat jokalari igoko direlako taldera".