Kategoria jokoan izango du ARTk bihar Mojategin

Maialen Regueiro 2019ko mar. 29a, 10:22

AVK Bera Bera taldearen bisita jasoko dute Igor Isasiren mutilek, bihar, 16:00etan hasita, Mojategin. Hil edo biziko partidua izango da; izan ere, denboraldia amaitzeko bi norgehiagoka gelditzen dira eta ARTk jokoan du kategorian jarraitzea. 

Kanpazar Arrasate taldeari bi partidu gelditzen zaizkio denboraldia amaitzeko, eta, bihar, norgehiagoka garrantzitsua jokatuko du Mojategin. Arrasatearrek AVK Bera Bera taldearen bisita jasoko dute, 16:00etan, eta, biharko hitzorduari buruz galdetuta, Igor Isasi entrenatzaileak honako hau adierazi du: "Biharko partidua final bat izango da guretzat, baina baita beraientzat ere, bost puntuko diferentzia dugu eta".

AVK Bera Bera taldea

Arrasatearrek ondo ezagutzen dute aurkaria; abenduan haien aurkako beste norgehiagoka jokatu zuten eta ezin izan zuten partidua irabazi –22-21–. Horren harira, Isasik honako hau esan du: "Abenduan jokatutako partidua guk galdu genuen. Izan ere, markagailua gure alde zegoen, baina plakaketa falta eta jokalari batzuek egindako falta batzuengatik partiduak ihes egin zigun". Horrez gainera, eta biharko partiduan fokua jarrita, Isasik azpimarratu du Bera Bera lehen taldeko jokalariekin etorriko dela eta horrek ardura ematen diola. "Taldea biharko partidua irabazteko gai da; orain arteko dinamikarekin jarraitzen badugu, alegia, gauzak ondo egiten baditugu, gure jokoa egiten badugu eta plakaketak ondo egiten baditugu, irabazteko aukerak izango ditugu", adierazi du.

Denboraldiaren balorazioa

Arrasatearrak sailkapeneko azken-aurreko postuan daude, eta, momentuz, lau garaipen lortu dituzte. Azken garaipena, esate baterako, aurreko asteburuan lortu zuten, etxetik kanpo. Emaitza horiek kontuan hartuta denboraldiari dagokion balorazioaz galdetuta, hauxe esan du Isasik: "Denboraldia hasi zenean, kontziente ginen zein izango zen gure liga eta sailkapeneko zazpigarren postutik behera borrokan arituko ginela". Horrez gain, sailkapeneko lehenengo bosten maila oso handia dela eta talde horiek jokalari askoz osatuta daudela adierazi du. Jokalariena arrasatearrek denboraldian zehar izan duten gakoetako bat izan da. Izan ere, Isasik hauxe nabarmendu du: "Norgehiagoka askotara hamabost jokalarirekin joan gara eta horrek izugarri baldintzatu gaitu". Denboraldiaren balorazioarekin jarraituz, Isasik hainbat partidutan erakutsitako maila ere aipatu du: "Gure maila berean dauden hainbat talderen aurka, Getxo eta Gernika, besteak beste, ezin izan dugu partidua irabazi, eta, bestalde, sorpresa hartu izan dugu maila altuan dauden taldeen aurka irabazita".

Kanpazar Arrasatek irailean ekin zion denboraldiari eta zazpigarren jardunaldian lortu zuen denboraldiko lehen garaipena, BRT-Menditarrak taldearen aurka. Horrez gain, denboraldian zehar jokatutako hainbat partidutan, Universitario de Bilbaoren eta Ordiziaren aurka, besteak beste, arrasatearren markagailua hutsean geratu da. Azken hori hizpide izanik, Isasik honakoa erantzun du: "Hamabost jokalari baino gutxiagorekin jokatu dugunean, Universitario de Bilbaoren aurka, esaterako, hamar jokalarirekin amaitu genuen; beraz, egoera horretan eta sailkapeneko lehen postuan dagoen taldearen aurka, bada, zaila izan zen puntuak lortzea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak