Xiana do Teixeiro zuzendari galiziarrak iaz ekoiztutako Todas las mujeres que conozco dokumentala eskainiko dute arratsaldean 18:30ean Kulturateko areto nagusian, klaustroan hilabete guztian zehar ikusgai egon den Artean 3 erakusketaren harira.
Documenta Madrid edota Feministaldia jaialditan aurkeztutako ikus-entzunezkoa da. Eta hauxe gaineratu dute Artean 3-koek: "Eremu pertsonaletik politikora doan filma da, jatorri ezberdineko emakume talde baten testigantzak oraindik ere nabarmen egiteko kalea eta espazio publikoa zeinen maskulinizatua eta bortitza suertatzen zaigun emakumezkoei. Dokumentala 3 elkarrizketa adierazgarrietan dago banatuta: zuzendariaren lagun taldearekin, emakume heldu talde batekin eta bigarren hezkuntzako ikasleekin, eta horietan ikusten da nola zuzendariak beldurraren gaineko diskurtso bat artikulatu nahi duen beldur gehiago eragingo ez duena eta biolentzia modu guztiak deuseztatzen dituena, ahalduntze prozesu baten bitartez".
Proiekzioa bukatu ostean, klaustroan ikusgai dagoen erakusketaren katalogoa aurkeztuko dute, proiektuan parte hartu duten artisten eskutik.