Euskadiko Senior Erregional Mailan jarraitzea da Arrasate Rugby Taldekoen aurtengo helburu nagusia. Urte osoa daramate horretarako lanean, askotan baldintza txarretan, jardunaldi batzuetan lesioengatik jokalari aldetik taldea osatu ezinda ibili dira eta. Eta, hala ere, liga amaitzeko bi jardunaldi geratzen direla, arrasatearrek oraindik kategoriari eusteko aukerak dituzte.
Sailkapenean azkeneko postuan geratzen den taldea zuzen jaitsiko da behera eta azken-aurrekoak promozioa jokatuko du. Hala, orain momentuan, Getxo (15) eta Arrasate (16) daude postu horiengatik borrokan. Bera Berak 20 puntu ditu eta Menditarrakek 23, baina kontuan izan behar da partidu bakoitzean lau puntu daudela jokoan, eta bonus puntuak gehitu behar direla: "Biak irabazita kategoriari eutsiko diogu, hori segurua da. Ikusteko dago, baina, talde horiek goiko jokalariekin jokatuko ote duten", diote klubeko ordezkariek.