Er.N.E sindikatua: "Arrasateko Udaltzaingoa baldintza tamalgarrietan ari da lanean"

Xabi Gorostidi 2019ko mar. 15a, 12:23

Ertzainen Nazional Elkartasuna –Er.N.E.– sindikatuak oharra kaleratu du Arrasateko Udaltzaingoak bizi duen egoerari buruz. Kriminalitateak gora egin arren, udaltzainen baliabideak –pertsonalak eta materialak– gero eta murritzagoak direla diote, eta horren adibidetzat jartzen dute "txandetan hiru, bi edota agente bakarra" egoten direla. 

Arrasateko Udaltzainen ordezkaritza sindikala Udaleko enpresa batzordeak darama, baina Er.N.E. sindikatuak afiliatuak ditu udaltzainen artean –sindikatutik ez dute erantzun zenbat afiliatu dituzten Arrasaten–. Komunikabideetara gaztelera hutsean bidalitako oharrean, euren kezka azaltzen dute Arrasateko Udaltzaingoak bizi duen egoerari buruz. "Arrasateko Udaltzaingoa gainbeheran dago, ez du erantzuteko gaitasunik, eta baldintza tamalgarrietan ari da lanean; giza baliabide barik, eta baliabide material barik". 

Salatu dute delinkuentziak gora egin arren, txandak estaltzeko hiru, bi edo agente bakarra izaten dutela. Komunikabideetan azaltzen diren kasuak aipatzen dituzte delinkuentzia gorakadaren adibide gisa, esanez, "komunikabideetan azaltzen direnak kasu kopuruaren herena" direla. Baldintza horietan delinkuentziari aurre egiteko zailtasun ugari dituztela diote, eta nahiz eta Ertzaintzarekin elkarlana izan, "ez da nahikoa, kasu gehienetan udaltzainak direlako gaizkileengana heltzen lehenak".

"Gainontzekoen segurtasuna bermatzeko lan egiten dutenek, ezin dezakete euren segurtasun propioa bermatu". Hausnarketa hori eginda, politikariei neurriak eskatzen dizkiete "zerbitzu seguru" bat eman ahal izateko. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak