Euskadiko Txapelketa Iturripen dago jokoan

Xabier Urtzelai 2019ko mar. 14a, 16:21

Ezkerretik hasita, Nahia Irazola, Noah Berrocal eta izaskun Garcia.

Domeka eguerdian, Euskal Herriko aerobikeko talde guztiak batuko dira Arrasaten, Espainiako Txapelketarako sailkatzeko txartel bila. Dragoikoek antolatuko dute hitzordua, baina, horrekin batera, euren gimnastak podiumean ikusi gura dituzte. 

Euskal Herriko Aerobik Txapelketa jokatuko dute domekan (12:30) Iturripen. Arrasateko Dragoi taldea izango da Gipuzkoako ordezkari bakarra, eta eurekin batera Gasteizko Biribildu klubekoak eta Bizkaiko Itsaslurrekoak egongo dira: "Nahiz eta hiru klub bakarrik egon, Arabatik, esaterako, talde mordoa etorriko dira, baina egia da aerobika modalitate ezezaguna dela gurean, eta Gipuzkoan Dragoikoak gara modalitate hori eskaintzen dugun bakarrak", dio Edurne Elkorok.

Hala, Arrasateko taldeko ordezkariei dagokienez, bigarren mailan bakarka lehiatuko da Liyanis Alonso, eta hirunako modalitatean izango dira Maider Agirreurreta, Sara Yan Azkarate eta Nora Marco. Hirugarren mailan, berriz, bakarka jardungo du Uxue Azkuek eta bikoteka lehiatuko dira Nahia Irazola eta Izaskun Garcia. Laugarren mailan, azkenik, Noah Berrocal izango da Arrasateko taldeko ordezkari bakarra. 

Erritmikoarekin bateragarri 

Urteak dira Arrasate Dragoi Gimnasia Taldekoak aerobikarekin ere lanean hasi zirela: "Elena Lanuza entrenatzailearen eskutik iritsi zen modalitate hori gurera. Elena gasteiztarra da, eta hark esku hartzen zuen aerobikeko txapelketetan. Bada, hari esker hasi ginen gu ere Arrasaten hori eskaintzen. Izan ere, ikusi genuen gimnasta batzuendako bateragarria zela gimnasia erritmikoa eta aerobika egitea, beste batzuendako lagungarri, eta, gainera, gimnasta beteranoek euren kirol bizitza luzatzeko aukera ematen zuela. Izan ere, gimnasia erritmikoa oso kirol jarduera zorrotza da, eta ordu asko eskaini behar zaizkio. Hain zuzen, aerobika ez da horren zorrotza". 

Espainiako txapelketa helburu

Euskal Herrian horrenbeste ez, baina aerobikak indar handia du Katalunian eta Valentzian, esaterako. Hala, maiatzean Sorian egingo dituzte Espainiako Txapelketak, eta aurten ere hor egon gura dute arrasatearrek: "Egia da gure gimnastei sekulako ilusioa egiten diela hor egoteak. Pentsa, orain arte Espainiako Txapelketan ondoan izan dituzte munduko txapeldun izan diren Sara Moreno eta Vicente Lli, eta hori sari galanta zen eurendako. Azken urteotan, baina, ez gara txapelketarako sailkatzearekin konformatu, gure ordezkariak Espainiako Txapelketan ere podiumean egon dira eta". Lehenago, baina, Euskadikoan egin behar dira lanak ondo, etxeko zaleen aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak