Marrazki bizidunetako soinu banda ezagunak izan dira aurtengo Aratusteetako kontzertuko abestiak; Lehoi erregea, Ederra eta Piztia, Frozen, Notre Dame-ko konkorduna, Oihaneko liburua... askotariko kantu ezagunak jo dituzte Arrasate Musikaleko Bandako musikariek. Bertako kide Edorta Aiastuik adierazi du banda "gaztea" dutela eta musikariek eurek ere "asko disfrutatu" dutela, gaurko kontzertuarekin; zuzendaria ere pozik gelditu da egin duten lanarekin.
Gabon Zaharretako emanaldiaren ostean hasi ziren gaurko ikuskizuna prestatzen eta Aiastuik azaldu du bertaratu diren herritarrak ere gustura egon direla: "Guraso asko etorri dira umeekin, marrazki bizidunetako soinu banden kantu ezagunak jo ditugu, eta gustura entzun dituzte". Emanaldiko txalo zaparradaren ostean, Sinosukeren abestia ere jo dute.
Ohi bezala, musikariak askotariko mozorroak jantzita atera dira aurtengoan ere agertoki gainera.