Iñigo Alzola: "Sari bat da Espainiako Kopa lehiatu ahal izatea"

Eneko Azurmendi 2019ko ots. 21a, 17:05
Iñigo Alzola, Antzuolako 8 Milietan, Irimon gora.

1.05.24 denborarekin gailendu zen pasa den asteburuan Iñigo Alzola (Arrasate, 1990) Antzuolan. Orain, Euskal Selekzioarekin ariko da Espainiako Kopan, baita Espainiako Txapelketan ere. Esperientzia berria izango da berarentzat, eta azpimarratu du "gogoz eta ilusioz" egingo diola aurre erronka honi. Martxoaren 3an izango du lehen lasterketa, Castellon.

Lehenik eta behin, zorionak Antzuolako garaipenagatik! Nola joan zen lasterketa?

Eskerrik asko. Oso ondo joan zen. Ezagutzen nuen ibilbidea eta banekien distantzia hori aproposa zela niretzako. Beraz, hasieratik erritmo gogorrean irten eta nire lasterketa egitea erabaki nuen. Orain arte ondo entrenatu naiz, eta, urteko lehen lasterketa izanik, probatzera irten nintzen, sentsazioak nolakoak ziren ikustera.

Irabazteko aukerarik ikusten zenuen lasterketa hasi baino lehen?

Irabaztearen kontua aurkariek ere baldintzatzen dute. Zuk oso marka ona egin arren, zu baino azkarrago egoten bada bat, ez duzu irabazten. Beraz, irabazi baino gehiago, iazko denbora hobetzea zen helburua, eta lortu nuen. Bi minutu gutxiago behar izan nituen ibilbidea egiteko. Bakarrik egin nuen lasterketa guztia, eta, bakarrik zoazenean, zailagoa izaten da. Beraz, oso pozik nago.

Garaipena kolokan ikusi zenuen?

Oso azkar geratu nintzen bakarrik, eta erreferentziak galdetzen joan nintzen. Giro ederra egiten zuen, disfrutatzeko modukoa, eta, erreferentziak onak zirenez, halaxe egin nuen, baina beti denborak kontrolatuz. Jendea ere oso ondo portatu zen.

Ibilbidea aproposa zen zuretzat?

Bai. Igoera luze bat, ia zazpi kilometrokoa, eta tarteka gogorra ere bai. Goiko zatia ere ondo egin nuen eta jaitsiera ere bai. Distantzia horretan ondo moldatzen naiz, ordubete inguruko lasterketetan.

Denboraldia hasiera honetan, sentsazio onekin zaude, ezta?

Bai. Entrenatzen oso sentsazio onak eduki ditut, eta lasterketan ere gauza bera. Baina agujetak izan ditut aste hasieran. Nabaritzen da lehen lasterketa dela oraindik.

Espainiako Kopan parte hartuko duzu aurten, lehenengoz.

Bai. Euskal Selekzioarekin arituko naiz. Udazken bukaera aldera eskaini zidaten aukera hau. Iaz, lasterketa txukun batzuk egin nituen eta ondo bukatu nuen denboraldia. Horregatik izango dela pentsatzen dut, eta niretzako sari bat da.

Gogotsu?

Oso pozik nago, hunkituta; ilusio eta gogo handiarekin esperientzia berri hau bizi eta erronka honi aurre egiteko. Motibazioa ere bestelakoa da. Beste lasterketa batzuk dira, taldea ere berria, eta ikasteko ere balioko didala uste dut.

Noiz eta non izango da Espainiako Kopako lehen lasterketa?

Sei lasterketa izango dira, baina lau lasterketatako posturik onenak hartzen dira kontuan. Norberaren esku dago guztietan parte hartu edo ez. Martxoaren 3an izango da lehena, Borriolen (Castello), eta ekain bukaerara arte iraungo du. Bi lasterketa hemendik gertu izango dira: bata Kanpezun (Araba) eta bestea Zumaian (Gipuzkoa), Zumaia Flysch Trail. Horrez gain, Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera ere izango dut. Maiatzaren 12an izango da hori, Otañesen (Kantabria).

Ze helbururekin zoaz, kopara zein txapelketara?

Ahalik eta mailarik txukunena ematen saiatuko naiz, hori argi dago. Baina esperientzia berri honetaz disfrutatzea izango da lehentasuna, leku berriak eta jende berria ezagutzea, eta ikastea ere bai, noski.

Denboraldiaren antolamendua erabat aldatuko zizun honek, ezta?

Egia esan, guztia aldatu zait. Iaz, oso ondo bukatu nuen denboraldia kilometro bertikalak eta beste lasterketa mota batzuk egiten, eta aurten ere mota horretako lasterketak egitea zen helburua. Bestalde, mendiko eskia ere asko gustatzen zait, eta aurten apur bat alboratu behar izan dut, korrika gehiago egin ahal izateko. Hala ere, aukera hau ezin nuen alferrik galdu. Oso gogotsu nago, sentsazio onak ditut, eta lesioek ere errespetatu naute, oraingoz. Gozatzen ari naiz korrika.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak