Sailkapenaren goi aldean jarraitzeko garaipen garrantzitsua lortu du MUk

Xabi Gorostidi 2019ko ots. 17a, 17:09

Ordiziaren bisita jaso zuten atzo Iñaki Ogararen mutilek. Sailkapenean mondragoetarrak aurretik heldu ziren, baina derbietan horrek ez du askorako balio izaten, eta majo sufritu behar izan zuten garaipena etxean geratzeko. Azken minutuak pazientziarekin jokatzen jakin zuten, eta bukaeran MU garaile (78-68).

Irabazi beharra zuen MUk atzo, sailkapeneko aurreneko postuetan jarraitu ahal izateko, eta hala egin zuen. Baina majo lan eginda, hori bai. Ordizia-Basoa banaketak taldeak garesti saldu zuen porrota, eta Iñaki Ogararen mutilak estutu zituzten amaierara arte.

Ondo hasi zuen partidua etxeko taldeak, eta lehen konpasetan markagailuan aldea hartuz joan ziren. "Ordiziakoek ez zuten askorik asmatu kanpo aldetik, eta horri esker lortu genuen atsedenaldira aurretik joatea. Baina guk ere bagenuen zer hobetu; erasoan erritmo gehiago behar genuen" azaldu du Iñaki Ogara MUko entrenatzaileak.

Bigarren zatian ere fin kantxaratu ziren MUkoak, eta horri esker 15 puntuko abantaila lortu zuten. Baina, orduan, Ordiziakoek erreakzionatu egin zuten 8-0 eko partziala lortuz. Aldea agortzen ari zela ikusita, MUkoek defentsa lana hobetu zuten, eta horri esker, eta erasoan asmatzeari esker, 10 puntuko aldearekin izan ziren irabazle. "Azken minutuetan pazientziaz jokatu dugu, eta horri esker aldeari eustea lortu dugu".

Harmailak, hotz

Iñaki Ogarak faltan bota zuen Iturripeko zaletuen babesa. "Gogorra da jokalarientzat, etxean jokatzea, eta harmailetan Ordiziako zaletu gehiago daudela ikustea. Egiten duen hotzarekin kosta egiten da Iturripera animatzera etortzea; hori badakigu. Baina zaletuen babesa behar dugu. Hemendik aurrera dator denboraldiko politena, eta zaletuek hori gurekin bizitzea nahi dugu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak