Urrea Espainiakoan, eta Glasgowerako txartela Maialen Axperendako (4,50)

Mireia Bikuña 2019ko ots. 16a, 15:11

Maialen Axpek sekulako txapelketa egin du Espainiako Txapelketan. Estatuko inoizko bigarren saltorik onena egin du –Naroa Agirrek du errekorra (4,56)– eta egindako markarekin Europako Txapelketarako ateak zabaldu zaizkio parez pare. Lehenengo saiakeran lortu du Arrasateko atletak Glasgow-en egoteko marka.

Txapelketa izugarria egin du Maialen Axpek, eta gertu, oso gertu izan du historia egin ahal izatea. Naroa Agirrek 4,56ko marka izanda, Arrasatekoak 4,50ekoa lortu eta gero 4,57ko altuerarekin ere ahalegindu da, baina ez du Espainiako errekorra ondu. Hala, Espainiako atletismoaren historian bigarren marka onenarekin konformatu behar da Axpe, oraingoz, atleta donostiarra aurretik dagoelako oraindik.

Baina hori anekdota hutsa baino ez da, gaurko helburu nagusia Glasgowen egingo dituzten Europako Txapelketara sailkatzea zelako. Eta lehenengo saiakeran lortu du, gainera. Bedoñako atletak 4,11; 4,22; 4,32 eta 4,38 altuerak lehen ahaleginean gainditu ditu. Zailtasun handiena 4,44 metrokoan izan du. Hirugarrenean gainditu du altuera hori. Era berean, 4,44 metrotan, hirutan egin du huts Malen Ruiz de Azuak (bigarren sailkatu da 4,38ko markarekin, bere marka pertsonala ondu du), eta Espainiako txapeldun zela jakitun joan da Axpe Europako txapelketarako gutxieneko markaren bila. Saiatu eta lortu. Lehenengoan gainditu du langa Axpek. Gero, aipatu moduan, geratzen zitzaion indarra langa 4,57koan jarri eta eguneko balentria egitera joan da, baina ez du lortu. Hurrengo hitzordua martxoaren 1etik 3ra bitartean izango du, esandako moduan, Glasgown.

"Neguko lan gogorraren emaitza da"

Antequeratik adierazi du Maialen Axpek gaurko 4,50eko marka neguko lan gogorraren fruitua dela: "Ez neukan garbi txapelketan egoterik izango nuen, iaz aire libreko denboraldia sorbaldako lesio batekin agurtu nuelako". Izan ere, gogoratu aire librean bikain jardun zuela Axpek –Berlingo Europako Txapelketaraino iritsi zen– baina sorbaldako arazoekin ibili da: "Badirudi errekuperatzen nabilela poliki-poliki eta aire libreko gorputzaldia errekuperatu dudala. Orain oso gogotsu nago Glasgowera begira, eskerrik asko guztioi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak