Barruan daukagun ekintzaileari etekina ateratzeko saioa

Xabi Gorostidi 2019ko ots. 15a, 20:42
Joana Manzisidor, Paloma Martinez eta Najia Lofti.

IMME elkarteak antolatuta, hiru emakume ekintzaileren esperientziak ezagutzeko saioa egin dute gaur arratsaldean. Najia Loftik, Paloma Martinezek eta Joana Manzisidorrek euren ibilbideak azaldu dituzte bana-banan, baina antzerako mezuarekin: "denok daukagu barruan ekintzaile bat, eta horri etekina atera behar diogu".

Hiruen artean hitza hartzen lehena Joana Manzisidor izan da. Kooperatiba munduan eman zituen lan munduko lehen urratsak, delineatzaile moduan. Baina krisialdia heldu zenean, Arte Ederrak ikasi zituen. Hasieran biserak diseinatzeari ekin zion, eta gutxika muralen munduan sartu zen. Gaur egun Muralart elkarteko kide da, eta "maite duen hori" egitetik bizi da.

Kulturateko ikusleak, saioa adi-adi jarraitzen.

Hitza hartzen bigarrena, Paloma Martinez izan da. Azaldu du, Mexikotik Euskal Herrira etorri zenean, garbitzaile moduan aritzea bakarrik lortzen zuela. Bere ustez, "denok daukagu ekintzaile bat gure barruan, denok gara onak zerbaitetan". Baina horri etekina ateratzeko, "lotsak eta beldurrak" gainditu behar direla dio. Kohesio soziala helburu duen Gu Haziak Gara elkarteko kide da gaur egun, eta gizarte justuago eta solidarioago bat lortzeko askotariko ekimenak antolatzen dituzte.

Lehen bi testigantzen ostean, Najia Loftiren txanda heldu da. Ekonomia ikasketak egin ostean, Marokotik Bartzelonara joan zen, eta Palomari bezala, garbitzaile lanak bakarrik eskaintzen zizkioten. Baina ez zen horrekin konformatu, eta ekonomia arloan doktoretza titulua lortu zuen. Gaur egun, Bartzelonako unibertsitatean dihardu irakasle, eta islamdarrentzako banku etiko baten sortzaile ere bada. Mezu garbi bat helarazi nahi izan du: "Ikasi ahalik eta gehien, aliantzak bilatu, eta helburuak lortzen ahalegindu". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak