Gimnasia erritmikoaz gozatzeko aukera egongo da bihar, Uarkapen

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko ots. 15a, 12:54

Eskolarteko B mailako lehenengo faseko gimnasia erritmikoko txapelketa jokatuko dute bihar, zapatua, Uarkapeko frontoian. Saioak goizez eta arratsaldez izango dira. Herriko gimnastek egiten duten lana ikusteko "aukera paregabea" izango da.

Goizeko saioa 10:55ean hasiko da: alebinak eta infantilak bakarka zein taldeka lehiatuko dira. Hainbat gimnasia elkartetako kirolariak etorriko dira Uarkapera. Arrasate Dragoi gimnasia taldetik parte hartuko dutenak izango dira: Eider Vazquez eta Uxue Vicario alebin B mailan lehiatuko dira, bakarka, esku libre modalitatean; Nora Marco, Liyanis Alonso eta Miren Miguelez infantil B mailan lehiatuko dira, bakarka, uztaiarekin; eta Sara Yan Azkarate, Maider Agirreurreta, Aiala Losada, Maren Garai, Maddi Etxagibel eta Zihara Etxebarria infantil B mailan lehiatuko dira, taldeka, uztaiarekin.

Arratsaldeko saioa

Eguneko bigarren saioa arratsaldean egingo dute, 16:55ean hasita. Benjamin mailako topaketa izango da eta hor parte hartuko dute Dragoi Gimnasia taldeko 32 gimnastak. Irailaz geroztik entrenamendu orduetan ikasitakoak jendearen aurrean erakusteko aukera izango dute neska-mutikoek. Gimnasia taldeko entrenatzaile Edurne Elkorok azaldu du "euren lana ahalik eta ondoen egiten" saiatuko direla biharko jardunaldian. "Etxeko ekitaldietan are eta urduriago jartzen dira gimnastak; etxekoak, lagunak... egoten direlako harmailetan", dio Elkorok. Joan den astean hasi zuten denboraldia, Bergaran egindako eskolarteko A mailako txapelketarekin: "Ondo joan zen, baina egia da hobetzekoak baditugula. Lehenengo faseak balio izaten du jakiteko non huts egiten dugun, zer aldatu behar den...".  Elkorok gaineratu du gimnasia erritmikoak erakusten duela jendaurreko urduritasunak kontrolatzen eta norbere lana jendaurrean erakusten.

Entrenatzeko leku gutxirekin

Gaur egun, Dragoi Gimnasia taldeak 140 gimnasta batzen ditu. "Entrenatzeko espazio gutxirekin gabiltzan arren, saiatzen gara ahalik eta neska-mutiko gehienei egiten lekua elkartean". Talde guztiak beteta dituztela dio. "Pena handiarekin, askori ezetz esan diegu, ez dugu-eta entrenatzeko leku gehiagorik", dio Elkorok.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak