Arrasateko alkate izateko nahiarekin aurkezten da Oscar Garcia sozialista

Mireia Bikuña 2019ko ots. 1a, 14:45

Bukatzear dagoen agintaldian egindako lanak aipatu ditu berme moduan, hurrengo lau urteetan, udaletxean, gestio lanak egiten jarraitzeko. Aurkezpen ekitaldian Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Anduezaren babesa izan du. 

Barne prozesu baten ostean, aukeratu dute Garcia udal hauteskundeetarako zerrendaburu. Orain, zerrenda hori osatzea dute helburu, eta horrako izenak eta sozialisten programarako proposamenak jasotzeko, dei egin die herritarrei. "Euren proposamenak eta ekarpenak behar-beharrezkoak ditugu hauteskundeei begirako programa osatzen joateko. Herriaren eta herritarren alde egingo dugu lan, orain arte egin dugun moduan. Hori da gure konpromisoa", esan du Oscar Garciak.

Konpromiso horren adibide ipini ditu oraingo agintaldian egindako hainbat lan eta proiektu. Besteak beste, doako wifi publikoa, Gabonetako argiteria, Makatzenako igogailua, garbitasun ordenantza, kale garbiketako kontratu berria, Erdi Aroko azoka, Gaming Day egitasmoa, parkeen eraberritzea, asfaltatze lan handia...

Aita gogoan

Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak bere aldetik, "babes osoa" eman dio Garciaren hautagaitzari. "Erakutsi dute lanerako duten gogoa, eta bide beretik jarraituko dutela badakigu", esan du. Era berean, balioan ipini du Garciak eta bere taldeak udal gobernuan egindako lana. Azpimarratu du ez dela "erreza sozialista izatea inon". Are gutxiago, Arrasaten.

Bestalde, Oscar Garciaren aita, Paco Garcia gogora ekarri du aurkezpen ekitaldian. "Paco eredugarria izan da guretzat. Pertsona moduan, politiko moduan eta sozialista moduan. Eta ezaugarri horiek guztietatik ikasi eta edan du Oscarrek. Hortaz, ez daukagu zalantzarik Arrasaterendako hautagai onena dela".

Zerrenda, martxoaren 3rako

Hautagaia aurkeztu ostean, udal hauteskundeetarako zerrenda osatzen dihardute Arrasateko sozialistek. Beranduenera, martxoaren 3rako prest eduki behar dute zerrenda hori.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak