Arrasateko eta Zuberoko euskaltzaleek aspalditik daukaten hartu-emanari esker sortu dela "ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera", adierazi dute Arrasateko antolatzaileek, besteak beste Portaloi Taldea, Lore Gazteak eta Arrostaitz dantza taldeak eta Geike; eta gaineratu dute: "Jarrai dezagun, bada, hego-ipar zubiak eraikitzen, euskaratik eta elkartasunetik". Hala, Kompany Beritza elkartearen helburuetako bat Zuberoaren eta, oro har, Euskal Herriaren sustapenean laguntzea izanik, ikuskizunarekin jasotzen duten diruaren zati bat Zuberoako euskalgintzara bideratuko da.
PierPol Berzaitz eta Jean-Dominique Espil zuberotarrek 1998. urtean sortutako interes orokorreko kultura elkarte bat da Kompany Beritza. Eta haren helburuen artean dago euskal kultura, bereziki Zuberoakoa, bultzatzea, ildo garaikide batean. Eta hori bereziki hiru arlotan lantzen dute: kantugintzan, dantzan eta antzerkian.