Kataluniako Montblanc herriko musika eskolako ikasleak eta irakasleak atzo gauean iritsi ziren Arrasatera. Hemengoen ongietorriaren ostean, Arrasate Musikaleko ikasleen eta irakasleen etxeetan pasa dute gaua musikariek. Bidaiaren ostean, indarrak hartu eta gero, gaur eguerdian emanaldia eskaini dute Kulturaten.
Kontzertua
Kulturateko areto nagusian izan da zuzenekoa, agertoki gainean ikurrina eta estelada zintzilik izan dituztela. Kataluniakoek hiru talde ekarri dituzte; abesbatzaren kantuekin hasi dute kontzertua, haizezko talde baten emanaldiarekin jarraitu dute, eta orkestra baten kantuekin bukatu dute euren saioa. Aretoa jendez lepo egon da eta sekulako txalo zaparradak entzun ahal izan dira.
Horren ostean, Arrasate Musikaleko ikasleen laguntzarekin, klaustrora mugitu dira guztiak eta Kataluniako eta Arrasateko musikariak klaustroaren erdi-erdian jarri dira Mikel Laboaren Txoria txori interpretatzeko. Txalaparta doinuekin eman diote hasiera kantuari eta ikus-entzuleak kantuan ere jarri dituzte. Txalo zaparrada entzun da gero, eta ikus-entzuleek hala eskatuta, Laboaren abesti ezaguna errepikatu behar izan dute.
Bazkaria, elkarrekin
Zuzenekoaren ostean, Ziar-Ola elkarte gastronomikoan prest zituzten 100dik gora lagunek bazkaria. Elkarteko eta beste boluntario batzuen laguntzarekin, mahaiak eta makarroiak prest zituzten, musikariak bertaratu orduko. Giro onean bazkaldu dute elkarrekin, eta arratsaldean, Zumaiako flysch-ak ikustera joango dira. Arrasate Musikaleko Arantzazu Idigoras irakaslea "oso pozik" zegoen, guztia "primeran" ateratzen ari delako.
Erreportajea, astelehenean
Elkartrukeak eman duena jaso du Goiena telebistak, eta asteleheneko Hemen Debagoiena saioan izango da ikusgai 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan.