Norbere esentzia aurkitu, eta rap bidez azaleratu

Eneko Azurmendi 2019ko urt. 18a, 12:14
Ezkerretik eskuinera, DJ Etten, P. Carrala, Talycual eta Asier Elgezua.

2010ean sortu zen Esencia rap taldea, Arrasaten; 2012an kaleratu zuten euren lehen lana, taldearen izen berarekin, eta, geldialdia ostean, 2018an iritsi zen bigarrena; datorren urtarrilaren 26an kontzertua eskainiko dute gaztetxean, ArRAPsate jaialdian.

Talycual eta P. Carrala abeslariak eta DJ Etten dira taldea osatzen dutenak, eta Asier Elgezua ere taldeko kide da, hura arduratzen baita komunikazio arloaz, bideoklipak grabatzeaz, eta abarrez.

Esan moduan, 2010ean hasi zuen bidea Esencia taldeak, Talycual eta P. Carrala elkarrekin abesten hasi zirenean. Lehenaren bizitza beti egon da rapari lotuta. Txikitatik rap munduak asko erakarri izan du, eta, kalean inprobisatzen aritu ostean, letrak idazteari ekin zion.

P. Carrala, berriz, rock eta punk-rock mundutik dator. "Pare bat talde eduki ditut aurrez, eta 13-14 urterekin hasi nintzen letrak idazten. Gerora, ordea, rapa ezagutu nuen eta engantxatu egin nintzen, barruraino heldu zitzaidan", azaldu du.

2012an kaleratu zuten euren lehen lana, Esencia izenekoa. "Diskoa baino gehiago, maketa izan zen. Grabatu behar zigun produktorearekin esperientzia txar bat eduki genuen eta, azkenean, guk erdi grabatu behar izan genuen". Horregatik eta beste hainbat arrazoirengatik, geldialdia egin zuten, pare bat urtez, nahiz eta bitarte hartan letrak idazten jarraitu zuten.

2016 bukaeran martxan jarri ziren berriro, eta gogor heldu zioten erronka berriari, gogotsu. "Ordutik, lan asko egin dugu, ez gara geratu ere egin", diote. Horren isla da 2018an kaleratu berri duten diskoa: Sophia.

Lan berriarekin hiru kontzertu eskaini dituzte: Arrasateko Etxoste tabernan, Tuteran eta Amanecer Bailando jaialdian, Mostolesen (Madril). Azken hori izan da, zalantzarik gabe, bereziena: "Espainia mailan egiten den jaialdi entzutetsuenetako bat da. Elektronika, rap, trap eta beste hainbat estilotako 50 artistatik gora elkartu ginen. Plazer handia izan zen, guretzat, horrelako jaialdi batean parte hartzea", adierazi dute.

Orotariko gaiak

Taldea sortu zuten momentutik, garbi eduki dute rap estiloan aritu behar zutela: "Eta espero dugu luzaroan jarraitu ahal izatea elkarrekin rapa egiten". Rapa "oso aldarrikatzailea" da, eta mota guztietako gaiak jorratu izan dituzte euren ibilbidean zehar: "Kaleko gaiak, gure esperientziak, bizipenak, gai sozialak, gure ingurukoek bizi izan dituzten esperientziak... Politikari buruz, adibidez, ez dugu idazten. Baina ez zaigulako barrutik ateratzen. Bestela, inongo arazorik gabe idatziko genuke", nabarmendu dute.

Disko berria prestatzen

Bigarren lana orain gutxi plazaratu duten arren, dagoeneko abesti eta letra berriak sortzen ari dira, eta disko berri bat kaleratzea aurreikusten dute laster. Bitartean, abesti solteak egiten ari dira, single bezala ezagunak diren abestiak. "Gero, erabakiko dugu disko berrian sartuko ditugun edo ez. Oraingoz, sortzen ari gara, buru-belarri".

Ezagutzera ematen

Gaur-gaurkoz, euren burua ezagutzera ematen ari dira. "Oraindik ezezagunak gara eta lan handia egin beharko dugu gure burua ezagutzera emateko eta oinarri bat egiteko". Horretarako, lehenik, hemen inguruan kontzertuak lotzen saiatzen ari dira, eta pixkanaka handi egiten joatea dute helburu, nahiz eta jakitun diren ez dela erraza izango.

Urtarrilaren 26an, gaztetxean

Oraingoz lotuta daukaten lehen kontzertua datorren urtarrilaren 26an, zapatua, Arrasateko gaztetxean eskainiko dutena da.

ArRAPsate jaialdia egingo dute egun horretan, 22:30ean hasita, eta, Esenciaz gain, Arrasateko beste rap talde bat ere igoko da oholtza gainera, Suprim' Records, baita Barri CBCA, Etten eta Garate DJ-ak ere. "Musika ezberdina egongo da, publiko ezberdina batzeko helburuarekin. Herriari txinparta apur bat emateko ere bada, azkenaldian mugimendu gutxi dago eta".

Herritarrak animatu gura izan dituzte: "Rap ona entzun nahi duten guztiei dei egiten diegu gaztetxera hurbildu daitezen. Gu oso gogotsu gaude, eta daukagun guztia emango dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak