"Esku onetan" utzi du EHEk Jai-Zale taberna

Xabi Gorostidi 2019ko urt. 17a, 17:56
Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak kristalezko kopa formako lekukoa pasatzen tabernako arduradun berriei.

Duela lau urte, Jai-Zale tabernaren gidaritza hartzeko apustua egin zuen Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Jarritako helburuak bete ostean, taberna kudeatzeari utziko diote, baina euskaltzaleen gune izaten jarraituko du aurrerantzean. Lau urteko ibilbidea borobiltzeko, gaur hasi eta zapatura arteko egitarau mamitsua prestatu dute.

Euskal Herrian Euskaraz taldekoek Jai-Zale tabernaren gidaritza hartzea erabaki zuten duela lau urte, baina berriki erabaki dute horren ustiapena uztea eta lekukoa gazte talde bati pasatzea.

"Larregi pentsatu gabe hartu genuen tabernaren gidaritza, aukera oso ona zela iruditzen zitzaigulako, nagusiki. Uste dut lortu dugula Arrasaten gure lekua egitea, askotariko ekintzak antolatuz, hitzaldiak, kontzertuak, bertso saioak... nolabait, lortu dugu askorentzat erreferentzialtasuna duen gunea izatea", azaldu du EHEko kide Lierni Etxeberriak.

Baina, urte hauetan pilatutako nekeak eraginda, tabernaren kudeaketa amaitzea erabaki dute. "Ziklo bat amaitu dugula ikusi dugu. Taberna negozio bat da, azken finean, eta hori ondo eramateak energia asko xurgatzen du. Aipatutako neke horren eraginez, onena taberna esku berrietan uztea zela erabaki dugu" .

Euskaltzaleen topaleku

Tabernaren gidaritza Arrasateko bi gaztek hartuko dute, baina Etxeberriak azaldu du orain arteko filosofia mantendu egingo dutela. "Taberna hartuko duten bi gazteetako bat Jai-zalen lanean aritu da azkenaldian, eta ondo ezagutzen du. Beraz, helburua da, EHEk kudeatzeari utziko dion arren, euskaltzaleentzat gune izaten jarraitzea". Lau urtetik hona egindako lanak Arrasateko euskalduntasunean sakontzeko balio izan duen galdetuta, zera dio Etxeberriak: "Zaila da horri neurria hartzea, baina, zirkulu txikietan izan bada ere, igarri dugu euskarekiko kontzientzia areagotzea lortu dugula. Asko geratzen da egiteko, baina pozik gaude".

Urteurren jaia

Taberna utzi aurretik, ordea, hiru eguneko egitarau landua prestatu dute, jai-giroan, lau urte hauek emandakoak ganoraz ospatzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak