Urrea Carrascalendako eta Ruiz de Azuarendako

Xabier Urtzelai 2019ko urt. 17a, 15:16

Udazkenean egindako denboraldi-aurreko lana hasi da fruituak ematen, eta atleta arrasatearrak hasi dira denboraldiko lehenengo dominak batzen. Gipuzkoako txapelketan, Eneko Carrascal eta Malen Ruiz de Azua nabarmendu dira, besteak beste. 

Gainean daude pista estaliko hitzordu nagusiak, otsailean atleta arrasatearrak batera eta bestera ibiliko dira-eta txapelketetan esku hartzen. Goiztiarrena, atletak ze gorputzalditan dauden erakusteko lehenengo pistak ematen dituena Gipuzkoako txapelketa izaten da, eta hor, etxeko hainbat ordezkari nabarmendu ziren joan den astean Anoetan.  

Malen Ruiz de Azuak (Super Amara BAT) urrezko bi domina jantzi zituen. Batetik, bere espezialitatea den pertika-saltoan ez zuen kontrariorik izan, eta 4,15eko marka eginda urrea jantzi zuen. Baina, horrekin konformatu ez, eta salto hirukoitzean marka ederra egin zuen (12,03) eta hor ere gailendu egin zen. Gainera, BAT taldearendako marka berria ezarri zuen pista estalian.

Salto hirukoitzean protagonista

Bailarako atletek, baina, salto hirukoitzean bereganatu zuten erabateko protagonismoa, Arrasate Kanpanzar Atletiko Taldeko harrobiak emandako hiru atleta izan ziren-eta podiumera igo zirenak. Eneko Carrascal (Real Sociedad) izan zen onena (15,17), talde bereko IÒigo Uribarren sailkatu zen bigarren (15,07) eta Alex Agiriano eskoriatzarra izan zen hirugarrena (14,10). Aipatu behar da podiumetik kanpo geratu bazen ere, Alain Egia bosgarren sailkatu zela (13,47).

Horrekin batera, 60 metroko lasterketan hauek izan ziren Arrasateko atleten markak: Aitor Uranga (7.35), Mikel Agirre (7.40), Iker Menor (7.56) eta Ander Otero (7.56).

Madrilen, 7 segundotik behera

Horrekin batera, Ibai Fernandez atleta arrasatearra Madrilgo Gallur pista estalian lehiatu zen. 200 metrokoan 23.19ko marka egin zuen, baina nabarmentzekoa da 60 metrokoan zazpi segundoko markatik jaisteko kapaz izan zela (6.98).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak